Liga irabazteko garaipena

Handia egin du gaur Zumaia Kiroljokoak Euskotren Ligako azken estropadan, Zarautzen. Irabazi, eta Ligako titulua lortu Gipuzkoaren izenean (Getaria-Tolosarekin batera). Sasoi honetan aurrenekoz, Galizia menderatu dute zumaiarrek. Ziabogan parean ziren, baina azken luzean, poparean, bikain moldatu dira, eta erraz menderatu dituzte galiziarrak. Zarauzko Ikurriña irabazteko adina alde ez diote jan, atzoko tartea ez dutelako gainditu, baina balentria da gaurkoa.Gero, sari-banaketan, itsusitu egin dute Euskotren Ligako arduradunek garaipena. Izan ere, hasiera batean, Galiziari banatu dizkiote Ligako garailearen sariak, bi selekzioen arteko berdinketa hausteko irabazitako bandera kopurua aintzat hartuz, araudiak dioenaren kontra; araudiak garbi esaten du berdinketa egonez gero, azken estropadako garailea izango dela Ligako irabazlea. Akatsa zuzendu eta gero, zumaiarrei eman diete garaikurra.Joseba Urbieta entrenatzailea gustura da: “Oso pozik gaude. Gaur bai, gaur lan ona egin dugu, atzo ez bezala. Pena izan da sari banaketakoa. Hanka-sartu dute arduradunek, eta guri ere kalte egin digute, ez dugulako behar bezala ospatzerik izan. Gainera, egin duten bezala, galiziarrei zerbait kentzen ari ginen irudipena izan dugu, guk ezer txarrik egin ez badugu ere”.Gaurko sailkapena:  http://www.ligasanmiguel.com/femenina/resultados/ver.php?id=eu&r=1269260814Ligako sailkapena: http://www.ligasanmiguel.com/femenina/index.php?id=eu

Leave a comment

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude