“Oso urruti daukagu bandera”

Estropada handia egin du Zumaia Kiroljokoak, eta bihar Kontxako estropadan ariko da. Bigarren denbora onena egin du sailkatzeko borrokan (11.10,92). Getaria-Tolosa izan da onena (11.09,34). Hirugarren Galizia sailkatu da (11.11,30), eta laugarren Bizkaia (11.23,56). Lehen hirurak bi segundoan sartu dira, eta bandera irabazteko hiru hautagaiak dira. Bihar jokatu da lehia nagusia (11:00).Joseba Urbieta entrenatzailea oso gustura da arraunlariek egin duten lanarekin: “Sekulako estropada egin dugu. Beroketa ikusgarria izan da, eta pentsatu dut denbora onena egiteko ere gai izan gintezkeela. Gertu izan gara”. Biharkoari begira, behin eta berriz aipatu du hitz hau: burua. “Lehen aldiz lehiatuko gara hirurok batera sasoi honetan, eta burua funtsezkoa izango da. Guk ez dugu ezer galtzeko, beste biak dira faboritoak. Lan ona egin nahi dugu, gaur bezala, eta hala bada, ez gara urruti izango. Baina gaur-gaurkoz, bandera oso urruti daukagu”.Zumaiarrek beste aukera bat dugu bihar arraunaz eta gure arraunlariez gozatzeko. Gertatzen dena gertatzen dela, arraunlariek sekulako omenaldi beroa merezi dute, sasoi bikaina egiten ari direlako. Bihar, denok Donostiara!

Leave a comment

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude