Hauteskunde prozesua zabalik da Telmo Deun Arraun Elkartean

Gaur egin du Zumaiako Telmo Deun Arraun Kirol Elkarteak Batzar Nagusia, eta besteak beste, hauxe izan da bazkideek bertan hartu duten erabakietako bat: hauteskunde prozesua martxan jartzea, eta hilabeteko epean zuzendaritza berria egotea. Hain zuzen, martxoaren 25ean egingo dute Ezohiko Batzarra, eta bertan hautatuko dute bazkideek zuzendaritza berria. Hautagaiak aurkezteko epea martxoaren 10ean amaituko da; zerrenda bakarra egonez gero, martxoaren 25eko batzarrean ez litzateke bozketarik egingo, eta zerrenda horretako kideek osatuko lukete zuzendaritza. Aldiz, zerrenda bat baino gehiago azaltzen bada, ezohiko batzar horretan bozkatuko lukete bazkideek zein zerrendari eman kluba zuzentzeko ardura.Branka gizarte zentroan bildu dira gaur hogeitik gora bazkide. Hasieran, egun kluba kudeatzen ari den taldea nola osatu zen azaldu dute: abuztuan izan zen, eta klubean lanean ari zen zenbait lagun hasi zen biltzen, hainbat erabaki hartzea presazkoa zelako, batetik, eta kluba zuzentzeko  eredua berritu beharra ikusi zutelako, bestetik. Talde hori ordutik ari da kluba kudeatzen, eta gaurko batzarrean argi azaldu dutenez, datorren hileko hauteskundeen ondoren osatuko da zuzendaritza; “gu ez gara zuzendaritza ofiziala gaur gaurkoz”, argi esan dute.Gero, estatutuak aldatzeko beharra dagoela azaldu dute, hala behartzen duelako Eusko Jaurlaritzaren dekretu berri batek. Ondoren izan  dute mintzagai hauteskunde prozesua, eta gero, kirol egoeraren eta diru kontuen berri eman zaie bazkideei. 2011ko aurrekontuan, galera aurreikusten dutela azaldu dute. Urteetan pilatu den zorra ere badela kontatu dute. Kirol egoerari dagokionez, eta traineru denboraldiari begira, esan dute San Miguel Ligako ontzia ondo egonkortuta dagoela, baina ezin dela halakorik esan emakumezkoen eta gizonezkoen bigarren traineruez. Azaldu dutenez, emakumezkoena erabat osatzeko bizpahiru arraunlari behar dituzte, eta horretan ari dira lanean. Gizonezkoen bigarren ontzia ateratzea, aldiz, zaila izango dela aurreikusten dute, arraunlari propioen kopuru txikia delako.Babesleekin tratua ixtearDiru kontuetan albiste onik ere izan da batzarrean. Izan ere, azaldu dutenez, orain arte babesle izan den batek litekeena da beste urtebetez jarraitzea, eta hala bada, aurtengo aurrekontuan dagoen desfasea orekatu egingo litzateke. Gainera, beste babesle batekin ere tratua ixtear dutela esan diete bazkideei, eta horri esker, azken urteetan pilatutako zorraren zati bat kitatzeko aukera izango luke klubak. Batzarretan ohikoa denez, bazkideen galderekin eta eskariekin eman zaio amaiera gaurko hitzorduari.

Leave a comment

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude