Luis Mari Goikoetxeak segituko du presidente izaten

Atzo bukatu zen formalki Telmo Deun Arraun Elkarteko hauteskunde prozesua, Aparteko Batzarra eginda. Bertan, bazkideei azaldu zitzaien Luis Mari Goikoetxea ‘Goiko’-k segituko duela presidente lanetan. Zerrenda bakarra aurkeztu zen martxoaren 10a baino lehen, orduan bukatu baitzen listak plazaratzeko epea, eta zerrenda horretako kide da Goiko, beste sei lagunekin batera: Jokin Urkidi izango da presidenteordea, Luis Unanue Telleria diruzaina, Aitor Manterola idazkaria, eta Luis Osa bokala; Angel Etxaniz eta Antonio Amilibia ordezkoak izango dira. Berriz ere presidente izendatuta, Goikok azaldu nahi izan du zergatik segituko duen: “Nire asmoa uztea zen, eta zerrendako besteren bat izatea presidentea, baina inork ez du denborarik ardura hartzeko, eta eskatu zidaten ea jarrituko nuen”. Aitor Manterola idazkariak gaineratu du ez dela garrantzitsua presidentea bat izatea edo bestea izatea: “Osatu dugun taldearen asmoa da beste kudeaketa eredu bat ezartzea klubean, orain artekoak eman behar duen guztia eman duelako. Berritzea tokatzen da, eta horretan gabiltza. Helburu nagusia horixe da, eta karguak banatzea formalismo kontua da”. Jokin Urkidi presidenteordeak batzarrean esandako hitzak ere gogoan hartzekoak dira: “Goikok merezi du presidente lanak ondo uztea, kluba egoera onean utzita, hainbeste urtean hainbeste lan egin eta gero. Oraingo egoeran ardura hori kentzea ez litzateke oso txukuna izango gure ustez”. Batzarrean erabaki zen zuzendaritzak proposatuta, agintealdiak bi urtekoak izango direla. Beraz, zuzendaritza berriaren lanak bi urtez iraungo du.

Leave a comment

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude