Jubenilak nagusi

Igandean jokatu zen Gipuzkoako Batel Txapelketa, Pasai San Pedron. Eta zumaiarrentzat goiz ederra izan zen. Jubenilek irabazi egin zuten, gizonezkoetan. Bezperan ere denbora onena egin zuten, sailkatze estropadan, eta atzo ere indartsuenak zirela erakutsi zuten.

Bezperan bezala, oso lehia estua izan. Lau batelak bost segundoren barruan sartu ziren. Zumaiaren atzetik Tolosaldea sartu zen, hiru segundora; San Juan izan zen hirugarren, hiru segundora hori ere; eta Ilunbek itxi zuen txanda, bost segundora. Lehen luzean aurrea hartu zuten Jon Larrañagak entrenatzen dituen arraunlariek, baina bigarrenean, Tolosaldeak harrapatu eta pasa egin zituen; hiru segundoko atzerapena zuten gorriek hor. Baina hirugarren luzean, berriz ere muturra hartu zuten, eta amaiera arte ez zioten utzi leku pribilegiatuenari.

Normala den bezala, pozez txoratzen zeuden arraunlariak. Ligan ez dute behin ere arraunak altxatzea lortu, nahiz eta gertu ibili batzuetan. Baina asteburuan, Txapelketa jokatzeko ordua heldu denean, sekulako maila eman dute harrobiko arraunlariek.

Orain, Euskadiko Txapelketa daukate begiz jota, eta asteburuan eman duten mailaren parera iristen badira, kontuan hartzeko batela izango da. Larunbatean eta igandean jokatuko da Legutioko urtegian (Araba).

 

gipuzkoako-txapelketa-10-04-11-329.jpg

Seniorrak, bigarren

Emakumezkoak ere finalean ziren atzo. Seniorrek lortu zuten bezperan hor aritzeko aukera, eta lan ona egin zuten atzo ere. Bigarren izan ziren Joxe Enrike Manterolaren arraunlariak. Estropada guztian ibili ziren postu horretan. Entrenatzailea pozik da: “Oso gustura nago estropadarekin. Maila handia dago, San Juan asko ibiltzen da, Hibaikak indar handia du, eta bigarren egitea ondo dago”. Helburua irabaztea zela onartu arren, bigarren postua txarra ez dela oso garbi dauka: “Bigarren egin genuen bezala egin genezakeen laugarren, berdintasuna ikaragarria delako”. Arraunean nola egin zuten ere gustatu zaio: “Indar gutxiago daukagu besteen aldean, baina ondo egin zuten arraunean”. Bigarren postua ez zen sari bakarra izan bateleko kideentzat. Izan ere, Nagore Osoro patroiari eman zioten ziaboga onenaren saria. 

Orain, jubenilak bezala, Euskadiko Txapelketara joango dira. Eta lan ona egiteko itxaropen handiarekin doaz.

gipuzkoako-txapelketa-10-04-11-386.jpgEmakumeetan, beste batel bat ere lehiatu zen atzo: kadeteena. Federazio Sarian aritu zen, bezperan ez zelako sailkatu finalerako. Buruz buruko estropada izan zuen Orioren aurka, eta oriotarrak izan ziren azkarragoak, hiru segundogatik. Hauek ere Euskadiko Txapelketan izango dira, infantil mutilak bezala.gipuzkoako-txapelketa-10-04-11-024.jpg 

Argazki gehiago, KLAUSSERREK ateratakoak, hemen: https://picasaweb.google.com/Arrauner/GipuzkoakoTxapelketa10042011#

Leave a comment

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude