Trainerilla onenak ikusteko aukera, gaur

Ohitura bilakatu da santelmoetan trainerilla estropada jokatzea, eta aurten ere hitzordua daukate arraun zaleek, Zumaiako Arraun Elkarteak antolatuta. Eta ez nolanahikoa. Izan ere, gaur, TKE Ligako Euskal Herriko klubak lehiatuko dira Urola ibaian. 18:30ean hasita, zortzi ontzi izango dira uretan: Urdaibai, Kaiku, Hondarribia, San Juan, San Pedro, Orio,  Zumaia A eta Zumaia B.

Euskadiko Txapelketaren aurrerapena dela esan daiteke, zortzi horietako asko izango direlako lehiaketa horretan. Lau txandetan banatuko dituzte: Urdaibaik Hondarribia izango du aurkari, Oriok San Pedro, San Juanek Zumaia B, eta Kaikuk Zumaia A. Txandak zein ordenetan aterako diren eta ontzi bakoitzak zein kale izango duen estropadaren aurretik zozkatuko dira.

Lehia berdindua izango dela aurreikusten da. Edonor izan daiteke garailea. Oso tarte txikian ibiliko dira ontziak. Bizkaiko bi ordezkariak, Urdaibai eta Kaiku, oso indartsuak dira, eta beraien artean dagoen afera pizgarri izango da batak besteari irabazteko. Duela aste pare bat, Urdaibai izan zen onena Euskadiko Batel Txapelketan, baina segundoa ere ez zion atera Kaikuri. Gipuzkoarrak ere sendo dabiltza; batez ere, Hondarribia eta San Juan. Herrialdeko trainerilla Ligan bien artean banatu dituzte orain arteko garaipenak. Baina San Pedro ez dabil urruti, eta Zumaiak ere erakutsi du baduela gaia onenen artean ibiltzeko. Zumaia B, gainera, nagusi da Federazio Kopan, parte hartu duen estropada guztietan garaile izan delako, atzokoan izan ezik. Orio ere goruntz doa, eta aurreko igandean, asko gerturatu zitzaien Hondarribiari eta San Juani.

Asteburu bete-betea dute arraunlariek. Atzo arratsaldean herrialdeetako ligetako estropadak jokatu zituzten, eta gaur goizean ere bai –bizkaitarrek Ondarroan, eta gipuzkoarrek Pasai San Pedron–, eta arratsaldean Zumaiako estropada. Pentsa daiteke arratsalderako azken indar aleekin iritsiko direla arraunlariak, baina horrek ez du eraginik izango lehiaren ikusgarritasunean. Ikusirik TKE Ligako ontziak direla denak, aparteko gogoa izango dute elkarri gailentzeko. Oso maila altuko estropada da, eta arraunlariarentzat pizgarria izango da maila ona ematea.  Arraunaren festa handia aurreikusten da.

 

Ekimen gehiago zaleentzat

Estropada ikusteaz gain, zaleek beste aukera batzuk ere izango dituzte. Arraun Elkarteak, urtero bezala, San Telmo zozketa antolatu du, eta zenbakiak saltzen ibiliko dira Elkarteko kideak. Endañeta dendarekin elkarlanean osatu dute saria, eta zozketako garaileari hainbat produktu egokituko zaizkio. Hori gutxi ez, eta Hiru Ezkur dendak ere osatu egin du otarra, salgai izaten dituen hainbat jakirekin. Zozketa gaur arratsaldean izango da, estropada bukatu eta gero. 

Horretaz gain, arraun zaleak ‘Ttaup,Ttaup’ DVDa eskuratzeko aukera ere izango du. Eneko Dorronsoro zumaiarrak egindako dokumentala da, eta bertan Zumaiako arraunlariek 2007ko denboraldia nola osatu zuten kontatzen du, hasi denboraldi-aurretik eta azkeneko estropadara arte. Iazko Donostiako Zinema Jaialdian aurkeztu zuen, eta arrakasta handia izaten ari da. 

 

Leave a comment

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude