Zorte ona ez da gorria

Gaur ere kale egin dio Zumari kale zozketak, eta kale txarretik (laugarrenetik) ahal dutena egin dute arraunlariek. Bederatzigarren izan da, lehen txandan hirugarren egin eta gero. Eremu baldar-baldarra da Portugaletekoa, eta gertatu dira gerta zitezkeen aldrebeskeriak: kaleen arteko aldea, txanden arteko aldea, eta ontzi batek bestea jotzea (Urdaibaik Astillero, eta Bermeoko ontzia kaleratu egin du epaileak momentuan bertan). Hondarribiak irabazi du bandera.

Zumaiak atzera egin du orain sailkapenean, eta azken hirugarren da 34 punturekin. Orio du atzetik, 30ekin. Aurretik Castro dauka, 34 punturekin hori ere.

Datorren astean, miraria! Estropadak itsasoan. Larunbatean Getxon, eta igandean, hemen herrian, Zumaian.

Gaurko sailkapena: http://www.ligasanmiguel.com/resultados/ver.php?id=eu&r=1301305308

Ligako sailkapena: http://www.ligasanmiguel.com/resultados/index.php?id=eu

Xanti Zabaletaren balorazioa
“Zortea ez zaigu ari batere laguntzen. Gaur gertatu zaiguna gertatzeko arriskua zegoen kale zozketa ez bagenuen aldekoa, eta gertatu zaigu. Joan zen astean esaten nuen asteburu hau ere arriskutsua zela, eta puntu asko galtzeko arriskua zuela edozein taldek. Guri tokatu zaigu, eta atzera egin dugu sailkapenean. Baina ez gaude hain gaizki, lau puntuko tartea ateratzen diogu Oriori. Bestela, arraunlarien lana ona izan da gaur ere; nahikoa egin dute laugarren kaletik joanda”.

Leave a comment

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude