Atzo baino hobeto gaur, eta helburua ia lortuta

Asteburu honetan ere, handitu egin du Zumaiak azken-aurrekoari ateratzen dion aldea, eta orain, 14 puntura dauka Orio. Beste bi estropada gelditzen zaizkie azkeneko lau sailkatuei San Miguel ligako fase erregularra amaitzeko, eta handiren batek gertatu beharko luke Zumaiak ez jaisteko kanporaketa jokatzeko. Gainera, Orio gainbehera doa, eta Camargo azken saikatua puntu bakarrera jarri zaio. Hurrengo bi estropadak Orion eta Castron dira, datorren asteburuan.

Atzo eta gaur, Hondarribian eta Pasai Donibanen, Zumaia azken-aurreko izan da. Baina gaur atzo baino itxura hobea eman du. Xanti Zabaletak eman du arrazoia: “Atzo proba batzuk egin nituen etorkizunera begira, baina ez zitzaizkidan ondo atera. Gaur, gure bidera itzuli gara”. Bi egun hauetan, Camargok hartu dio aurrea Zumaiari, eta Zabaletaren ustez, “motibazio handiarekin dabil Camargo, guk baino motibazio handiagoa dauka, ez jaisteko aukera gertu ikusten duelako”. Entrenatzailearen ustez, “asteburu honetan, ia-ia lortu dugu gure helburua. Esan daiteke egina dugula, baina hau kirola da, eta bukatu arte lanean segitu behar dugu”. Denboraldi osoan sekulako lana egin eta gero, Zabaletak onartu du “taldea erlaxatuago” dagoela orain, eta horrek ere eragina izan du asteburuko emaitzetan.

Peio Eizagirre gogoan

Atzoko estropadan, Zumaiako arraunlariek xingola beltzak jantzi zituzten, hil berri den Peio Eizagirreren omenez. Klubeko arraunlaria izan zen, eta baita arraun elkarteko sortzaileetako bat ere, eta omenaldia egin nahi izan dio horrela Zumaiako Arraun Elkarteak.

Atzoko sailkapena: http://www.ligasanmiguel.com/resultados/ver.php?id=eu&r=1301305761

Gaurko sailkapena: http://www.ligasanmiguel.com/resultados/ver.php?id=eu&r=1301305840

Ligako sailkapena: http://www.ligasanmiguel.com/resultados/index.php?id=eu

Leave a comment

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude