…eta Enbatak gogor jo du

Zumaia Kiroljokoak dauzka Kontxako bandera irabazteko aukera gehien. Gaur, lau traineruen artean azkarrena izan delako. 4 segundora du Galizia, eta 5era Getaria-Tolosa; Bizkaia urruti dago, 41era.

Denboraldiko estropada onena jokatu dute zumaiarrek, hasiera baldarra izan bada ere; Enbata ontzia okertuta zegoela hasi dute estropada. Baina gero, laugarren kalearen aukera ederki baliatu dute, eta lehiaren buruan jarri dira. Ziabogan, 4 segundora zeukaten Getaria-Tolosa, eta 6ra Galizia. Bigarren luzean ere aurretik joan da Zumaia Kiroljokoa, eta lehenen amaitu du lana.

Donostiako arranplan, une politak eta hunkigarriak bizi izan dira arraunlariak lehorreratu direnean. Inork uste ez zuenean, bandera handiena irabazteko aukera parez pare zabaldu zaie. Beraien lan bikainak ireki die aukera, zehatz esanda.

Datorren igandean zer gertatuko den inork ez daki, eta bitartean, gaurkoarekin gozatzeko astea izango da.

Gaur enbata zegoen iragarrita, baina uste baino lehen jo du Enbatak. Ea datorren igandean ere pozaren ekaitza zabaltzen duen.

Gaurko denborak
1. Zumaia                      11.07,10
2. Galizia                      11.11,42
3. Getaria-Tolosa       11.12,12
4. Bizkaia                     11.53,04

Leave a comment

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude