Kontrasteak: argitik ilunera

Zumaia bi muturretan ibili da gaur, Portugaleten. Kirolak bere-bereak dituen horietan: irabazleak eta galtzaileak. Zumaia Salegi Jatetxeak irabazi egin du, nabarmen irabazi ere. Zumaia Altuna Uriak galdu egin du, nola gainera.

Emakumezkoek irabazi dute Euskotren ligako lehen estropada. Hasi eta buka, aurkari guztiak txiki utziz, izan Getaria-Tolosa, izan Galizia, izan Hondarribia. Ligara sailkatzeko puntuagarria ere izan da, eta zumaiarrek batu dituzte sei puntu. Getaria-Tolosa barruan denez, bihar eguerdian zehaztuko da zein beste hiru ontzi ariko diren ligan. Gaurkoa ikusita, zumaiarrek, sanjuandarrek eta galiziarrek beharko lukete izan.

Zarautzen ariko dira zazpi ontziak (12:00), eta ligako bandera jokoan izango da.  

Gaurko sailkapena, hemen.

Azkena

Bestelako kontuak izan dira gero, San Miguel ligako hirugarren estropadan. Oso bestelakoak. Azkena izan da Zumaia Altuna Uria. Eremu baldarra da Portugaletekoa, eta berez, han ez lirateke estropadak jokatu beharko, erlojuaren aurka izan ezean. Baina horiek beste kontu batzuk dira.

Hondarribiak irabazi du bandera, liga honetan lortzen duen bigarrena.

Bigarren txandan joan da Telmo Deun, eta batere aukerarik gabe aritu da. Hasieratik atzean, brankaz denbora pila bat galduz, eta barrurakoan ere galtzen, baina gutxixeago. Ez da ohiko Zumaia izan gaurkoa. Urrutira jo gabe, joan zen asteburukoaren arrastorik ez da azaldu.

Gaurko azken postuak eragina izan du sailkapenean. Zortzigarrenera egin du behera orain Zumaia Altuna Uriak, eta Astillerok berdindu egin du. Azken-aurrekoa den Portugaletek hiru puntu jan dizkio, eta Zierbena azkenak, bakarra.

Bihar, Zarautzen (12:30), gaurko sailkapenaren arabera botako dituzte txandak. Zumaia Altuna Uria aurrenekoan izango da, Zierbena, Pedreña eta Portugalete alboan dituela.

Gaurko sailkapena, hemen.

Ligako sailkapena, hemen.

 

Leave a comment

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude