Gipuzkoako txapelketa handia egin dute Zumaia Altuna Uriak eta Zumaia Salegi Jatetxeak. Hirugarren eta bigarren izan dira, gaur Donostian, eta biak ariko dira Euskadiko txapelketan, hilaren 31n, Orion.
Zumaia Altuna Uriak poparean egin ditu ikusgarrizko lanak. Brankaz galdu duen denbora berreskuratu ahal izan du horrela. Datu hau argigarria da oso: beraiena izan da denborarik onena azken luzean parte-hartzaile denen artean.
Lehen txandan aritu da, eta hirugarren egin du, Hondarribia eta San Juanen atzetik. 12 segundo atera dizkio Gipuzkoako txapeldun izan den Hondarribiak, eta 7 San Juanek. Zumaiak San Pedrori 10 atera dizkio, eta Oriori (azkeneko txandan joan da) beste horrenbeste. Azken luzean, olatu bat ikusgarri hartu dute zumaiarrek, ikusleak ahoa bete hortz utziz.
Zumaiarrekin batera, Hondarribia, San Juan eta San Pedro ariko dira Euskadiko txapelketan, Bizkaiko txapelketako lau onenekin batera (datorren asteazkenean da, Lekeition).
Emakumezkoak bigarren
Zumaia Salegi Jatetxea bigarren izan da. San Juanek irabazi dio, 10 segundoko tartearekin. Zumaiarrek 9 atera dizkiote Getaria-Tolosari. Txanda berean joan dira hirurak. Bi luzetara egin dute lan, eta San Juan izan da azkarrena ziabogan; 3 segundora ziren zumaiarrak, baina poparean tartea handitu egin da.