Irabazi eta irabazi

Zumaia Salegi Jatetxeak beste bandera bat lortu du gaur eguerdian. Euskotren ligako bosgarren estropadan izan da, Getxon.

Estu joan dira gauzak gaur ere, baina ez atzo bezain estu. Bi segundo eta erdira geratu da Galizia, eta ia hirura Getaria-Tolosa. Ziabogan ere zumaiarrak ziren aurretik, gero bukaeran izan den alde berarekin. San Juan atzerago sartu da, 18 segundora.

Azken luzean erabaki da estropada, eta hor, zumaiarrak argi ibili dira. Getaria-Tolosa eta Galizia lehen kalean ziren, nor baino nor, eta elkarren arteko borrokatik pixka bat aurrerago, Zumaiak bere lana bete du, dotore. Berea egin eta aurkariekin itsutu gabe.

Hiru estropada falta dira liga amaitzeko, eta bi puntu ateratzen dizkio Zumaia Salegi Jatetxeak Galiziari.

Gaurko sailkapena.

Ligako sailkapena.

Etzi, Euskadiko txapelketa

Han izango da Zumaia Salegi Jatetxea. Orion da estropada (12:00), eta ikusi egin beharko da nekeak zenbateko eragina duen talde guztietako arraunlariengan, asteburuko lan gogorrak bere onera ekartzeko ia astirik ez dutelako izango.

Leave a comment

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude