Jarri izena ‘platanito’ gorrian!

Zumaiako Arraun Elkarteak ekimen berezia jarri du abian. Traineru berria izango du datorren denboraldian, uda honetan hain ezagun egin den platanitoa. Horrekin lotuta dator albistea: nahi duenak aukera izango du bere izena, ezizena, kuadrillarena edo enpresarena traineruan jartzeko. Horretarako, bi modulo berezi ipiniko dituzte, ontzi berriaren albo bakoitzean bana. Kanpaina jarri du klubak martxan Jarri zure izena platanito gorrian, ni ere Telmo Deunekin izenburupean.
Bi neurri eskaintzen ari dira izena jartzeko: Nortasun agirien tamainakoa aukeratzen bada, 100 euro ordaindu behar dira, eta horren erdiarekin konformatuz gero, 50 euro. Klubak bereizi egin ditu tarifak: kuadrilla, elkarte, denda edo enpresak izena traineruan jarri nahi izanez gero, 100 euro ordaindu beharko ditu; aldiz, bakarkakoa bada izena jarri nahi duena, 50.

Dirua jartzen duenak, izan enpresa edo izan bakarkakoa, Errenta Aitorpenean onurak izango ditu, %30eko kenkaria edukiko duelako Ogasunarekin urtero egin beharreko hitzordu horretan.
Herriko hainbat lekutan jarri dituzte paperak, datuak betetzeko: Ernio, Ttakun, Maluta, Algorri, Kresala, Trapaia, Justa eta Kalari tabernetan, Ogi Eder okindegian, Aizpurua liburudendan, eta Euskadiko Kutxaren bulegoan. Eperik ez du jarri klubak kanpaina amaitzeko, baina ekimenean parte hartu nahi duenak kontuan eduki behar du hau: nortasun agirien neurriko 300 izen jartzeko aukera dago, 150 traineruaren albo bakoitzean. Datuak bete eta gero, Euskadiko Kutxan sartu behar da dirua, eso bestela, lehen aipatutako lekuetan utzi.

Kanpainaren helburua
Arraun Elkarteko kideak gogotsu daude ekimenak zer emango duen jakiteko. «Berritzailea da, bere garaian Portugaletek egin zuen antzeko zerbait, eta ikusiko dugu nolako erantzuna izaten duen», azaldu dute klubetik.
Zertarako den azaldu du: «Traineru berria erosten laguntzeko kanpaina da, eta baita herritarrengana gerturatzeko ere. Aukera ematen diegu traineruaren parte senti daitezen, beren izena edo enpresarena edo kuadrillarena Telmo Deun berrian jarriz». Denboraldiaren amaieran, hitzetik hortzera ibili zen herriko arraun zaleen artean traineru berriaren kontua: «San Miguel ligako kanporaketan aritzeko, San Juanek utzi zigun platanitoa, eta orain, berria eta geurea ekarriko dugunez, herritarrei aukera berezi hori eskaini diegu».
Ez dira garai gozoak arraunean ere. Diru iturriak ixten ari diren garaiotan, ekimen berritzaileak sortzeko beharra dago, eta ezin esan zumaiarrena ez denik orijinala. Klubaren behar bat baliatuz, traineru berria izatea, herritarrei ontzi berriko kide izateko aukera eskaini die.

Leave a comment

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude