Entrenamenduetara buelta, astelehenean

Zumaiako Arraun Elkarteko emakume seniorren taldea astelehenean hasiko da entrenatzen, azaroaren 19an. 19:00etan dute hitzordua, Itsas Kiroldegian.

Beste denboraldi baten lehen arraun kolpea izango da. Oraindik ere aurtengoan emandakoak ondo gogoan direnean. Inoiz ez ahazteko modukoa izan da 2012ko denboraldia. Bederatzi bandera, Kontxako bigarren postua, Euskotren liga eta Gipuzkoako liga, horiek denak ontziratu zituzten gure arraunlariek. Historikoa denboraldia.

Datorren urteko udan zer gertatuko den inork ez daki. Polita litzateke halako emaitza onak berriz lortzea, eta hobetzea ere bai, zergatik ez. Saiatu, saiatuko direla ez izan dudarik. Astelehenetik bertatik hasita.

Irabaztearen poza handia izan bada aurten, taldeko giro bikainak zabaldu duen poztasuna ere bikaina izan da. Taldea izan dira uretan eta uretatik kanpo, eta hori oinarri sendoa da emaitza onak lortzeko.

Deialdia irekia da, edonor azal daiteke astelehenean taldearekin bat egitera. Aukera ona da arraun munduan murgiltzeko, eta talde honen baitan gozatzeko.

Kike Manterolak segituko du entrenatzaile izaten

Taldearen gidariak, Kike Manterolak, bere lanean segituko du. Bera ere taldeko kide bat gehiago da, eta garrantzitsua da proiektuan segitzea. Aurtengo eta iazko lanari beste koska bat jarri nahiko dio, beste katebegi bat. Egitasmoak segida izango du, eta funtsezkoa da hobetzen jarraitzeko.

 

 

 

 

Leave a comment

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude