Zumaia Salegi Jatetxea nagusi Ondarroan

Zumaia Salegi Jatetxeak beste garaipen bat pilatu zuen atzo goizean. Ondarroan jokatu zen estropada, bertako Arraun Astearen baitan, II. Antiguako Ama estropada, eta nagusi izan ziren zumaiarrak. Hasi eta buka.

Hibaika, Orio, Bizkaia eta Zarautz izan zituzten aurkari, eta ziaboga bakarrera jokatu zuten, ohiko moduan. Lehen luzean geratu ziren gauzak garbi. Ziabogan, zortzi segundu aurretik zen Zumaia Salegi Jatetxea; horixe izan zen Hibaikari atera zion aldea. Hamasei sartu zizkion Oriori, hogeita hiru Bizkaiari eta berrogeita bat Zarautzi.

Bigarren luzean, handitu egin zituzten aldeak zumaiarrek. Eroso. Beste garaipen bat prestakuntzako garai honetan. Hibaika izan zen bigarren 21 segundora; Orio hirugarren 37ra; Bizkaia laugarren 51ra; eta Zarautz laigarren minutu eta 24 segundora.

 

Traineru gorria izan zuten atzo uretan. Izan ere, Hernanik utzi dieten ontzia gorriz estalia dago dagoeneko, eta horrekin egingo dute arraunean Zumaia Salegi Jatetxeko arraunlariek.

Ondarroako argazkiak (Klausser)

Hurrengo estropada ostiral honetan izango dute, Bilbon, 19:0oetan. Gipuzkoa-Bizkaia desafioa antolatu dute, eta herrialde bakoitzetik, lau ontzi ariko dira: hiru gizonezkoenak eta bat emakumezkoena. Gipuzkoarrak Hondarribia, Orio eta San Pedro izango dira, eta emamukezkoena Zumaia Salegi Jatetxea. Bizkaitik ariko dira Kaiku, Urdaibai eta Portugalete, eta emakumezkoetan Bizkaia. Hiru txanda izango dira: aurrenekoa motzagoa eta erlojuaren aurka, eta  beste biak luzeagoak eta erreleboka.

Jubenil gizonezkoak, bigarren Hernanin

Larunbat goizean, jubenil gizonezkoak Hernanin izan ziren, bertako estropada jokatzen. Lehiaketa ofizialak bukatu dituzte, bai bateletan eta trainerilletan, baina entrenatzen jarraitzen dutenez, Hernanira joatea erabaki zuten.

Batel estropada izan zen, eta Zumaia bigarren izan zen. Lan ona egin zuten. Pozik ziren arraunlariak, lehiaketa ofizialeten beti aurretik izan duten San Pedro atzean utzi zutelako.

 

Leave a comment

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude