Zumaia Salegi Jatetxeak igandean ekingo dio lehia ofizialari

Hainbat hilabetez prestakuntza lan isila bezain gogorra egin eta gero, Zumaia Salegi Jatetxeko arraunlariei heldu zaie lehia ofizialean hasteko ordua. Igande honetan izango da, Trintxerpen, 11:00etan hasita.

Gipuzkoako ligako aurreneko estropada puntuagarria izango da igandekoa. Erlojuaren aurka lehiatuko dira zazpi ontziak: sei gipuzkoarrak eta gonbidatu bezala datorren Bizkaia. Binaka joango dira gipuzkoarrak, baina estropadari hasiera Bizkaiak emango dio, bakarrean:

  1. Bizkaia
  2. Zarautz eta Hondarribia
  3. Orio eta Hibaika
  4. San Juan eta Zumaia Salegi Jatetxea

Gipuzkoako Ligako beste estropadak hauek dira:

  • Uztailaren 20an, Pasaian
  • Abuztuaren 3an, Plentzian
  • Abuztuaren 4an, Getarian
  • Abuztuaren 10ean, Hondarribian
  • Abuztuaren 15ean, Zarautzen

Iazko arraunlari multzoak segitzen du

Zumaia Salegi Jatetxeko arraunlariak iazko berberak dira ia osotasunean, ia talde osoak jarraitzen duelako. Hauei Getaria-Tolosatik etorritako hiru arraunlari gehitu zaizkie, eta lehen Zumaian ibili zen beste bat. Taldearen muinak segitzea oinarri ona da. Iaz, Gipuzkoako Liga eta Euskotren Liga irabazi zituzten, eta Kontxako banderan bigarren izan ziren.

Euskotren Liga

Euskotren Liga asteburu honetan zortzi hasiko da, Pedreñan, uztailaren 13an. Hurrengo egunean Donostian segituko du ligak. Bi estropada horietan zehaztuko da Zumaia Salegi Jatetxearekin batera zein beste hiru traineru ariko diren Ligan, laurentzako lekua bakarrik dagoelako. Zumaiarrak sailkatuta daude, iazko irabazleak direlako. Sailkatze estropada izanagatik bi horiek, zumaiarrek parte hartuko dute, eta ligarako puntuak banatuko dira, gainera.

Euskotren liga beste estropada hauek osatzen dute:

  • Uztailaren 21ean, Orion
  • Uztailaren 27an, Getxon
  • Uztailaren 28an, Zumaian
  • Abuztuaren 11n, San Pedron
  • Abuztuaren 17an eta 18an, Zarautzen.

 

 

Leave a comment

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude