Bitik bi

Zumaia Salegi Jatetxeak indarrean segitzen du, eta Euskotren ligako lehen bi estropadak irabazi ditu: atzo Pedreñan, eta gaur Donostian. Eta ligako lider jarri da.

Ligan aritzeko sailkatze estropadak izan dira atzokoa eta gaurkoa, eta bi egunetako jarduna kontuan hartuta, San Juan, Hibaika eta Orio izango dira Zumaiarekin batera ariko direnak. Zumaia Salegi Jatetxea sailkatuta zegoen, iazko garailea izateagatik.

Bi estropadak irabazita, bi bandera ekarri dituzte Zumaiara.

Erlojuaren aurkako estropadak izan dira biak, eta bietan nagusi izan dira zumaiarrak. Atzo, Pedreñan, ur bareetan aritu ziren, Santandeko badiaren barruan, eta gaur, Donostian, itsasoan, eta ur nahasietan gainera. Bietan moldatu da ondo Zumaia, lehen luzetik estropadak hautsiz. Nabarmentzekoa izan da gaur aurkariei atera dien aldea: San Juani  36 segundo; Hibaikari 39, eta Oriori 59.

Ligako lehen sailkapena atzoko eta gaurko estropadak kontuan hartuz osatu da, eta Zumaia Salegi Jatetxeak zortzi puntu dauzka San Juanek sei, Hibaikak lau, eta Oriok bi.

Hurrengo estropada asteazkenean izango dute, Gipuzkoako txapelketa (Donostian, 18:30ean).

Leave a comment

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude