Txapeldunak!

Zumaia Salegi Jatetxeak Gipuzkoako txapelketa irabazi zuen atzo arratsaldean Donostian. Bere historian bigarrena du, eta hirugarrena, Zumaia-Getaria ontzi bateratuak atera zuena kontuan hartzen bada.

Hasi eta buka menderatu zuen txanda Zumaiak. San Juan eta Hibaika izan zituen alboan, eta lehen palakadatik muturra erakusten joan zen zumaiarren ontzia. Ziabogan, zazpi segundo kentzen zizkion San Juani, eta hamar Hibaikari. Azken luzean erabat hautsi zuten estropada zumaiarrek. Poparean ederki ekarri zuten trainerua. Azkenean, hemezortzi segundo atera zizkioten San Juani eta hogeita zortzi Hibaikari.

Txapelketei dagokionez, hurrengo erronka Euskadiko txapelketa izango dute. Hilaren 31n izango da Lekeition.

Gipuzkoako txapelketako denborak

Gipuzkoako txapelketako argazkiak

Gipuzkoako ligako estropada, larunbatean

Zumaia Salegi jatetxeak Pasaian izango du hurrengo estropada, etzi bertan. Gipuzkoako ligako bigarren jardunaldia izango du jokoan, 17:30etik aurrera. Erlojuaren aurka lehiatuko dira zazpi ontziak: Zarautz, Hondarribia, Bizkaia, Orio, Hibaika, San Juan eta Zumaia.

Lehen jardunaldian, Zumaia izan zen garailea eta bera da ligako liderra.

Ligako sailkapena

Euskotren ligako estropada, igandean

Ez dute atseden hartzeko denborarik zumaiarrek, igandean bertan beste estropada bat izango dutelako: Euskotren ligakoa. 12:00etan hasiko da estropada, eta han izango ditu aurkari San Juan, Hibaika eta Orio.

Ligako sailkapenean, buruan dira zumaiarrak. Aurreko asteburuan, bi estropada jokatu ziren ligakoak, eta bietan Zumaia Salegi jatetxea izan zen garaile.

 

Leave a comment

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude