Bi bandera gehiago Zumaia Salegi Jatetxeak

Zumaia Salegi Jatetxeak irabazten segitzen du. Jokatu dituen estropada guztietan izan da azkarrena, eta asteburuko biak ez dira salbuespena izan. Atzo Pasaian, eta gaur, Orion, atzea erakutsi die aurkari guztiei.

Euskotren ligako estropada izan da Oriokoa, nagusi izan dira zumaiarrak. Lehen luzearen erdialdera hartu dute burua, eta pixkanaka aldeak handituz joan dira. Hala ere, ziabogan ez ziren oso-oso handiak: Hibaika lau segundora zeukaten, eta San Juan seira; Orio atzean geratuta zetorren estropada hasieratik, eta hemezortzi segundo gehiago behar izan ditu.

Bigarren eta azken luzean, Zumaia Salegi Jatetxea bere lana egiten joanez da, eta estropada menderatu egin du. Aurkariei ateratzen zizkien aldeak ez dira izan inoiz estropada arriskuan jartzeko bezalakoak, eta Hibaikari zazpi segundo atera dizkio, hamar San Juani, eta hogeita hamar Oriori.

Hauxe gaurko sailkapena

Euskotren ligako sailkapenean, lau puntuko aldea dute zumaiarrek San Juanekiko, eta bostekoa ateratzen dio Hibaikari; Orio bederatzi sartzen dizkio.

Euskotren ligako hurrengo bi estropadak datorren asteburuan izango dira: larunbatean Getxon (18:00), eta igandean, Zumaian (12:00).

Atzo, Gipuzkoako ligako estropada izan zuten Pasaian, eta zumaiarrek aise menderatu zuten erlojuaren aurkako lana. San Juani hamar segundo atera zieten, eta Hibaikari hogeita sei.

Ligako sailkapenean, buruan dira zumaiarrak, eta lau puntura dute San Juan, eta zortzira Hibaika.

Leave a comment

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude