Bi estropada on

Zumaiak asteburu ona osatu du San Miguel ligan. Bi estropada on eginez, taldearengan konfiantza eduki behar dutela erakutsi dute arraunlariek eta Xanti Zabaleta entrenatzaileak.

Pasaian, atzo, azken-aurreko izan ziren erlojuaren aurka. Postuak ez du gauza handirik esaten, baina egindako lanak bai. Ondo egin zuten lana, eta txandako garaile Pedreñak bost segundo eskas atera zizkien, eta Astillero bigarrenak beste horrenbeste. Zumaiak atzean utzi zuen Castreña, segundo pasatxoko aldea ateraz. Zumaiarren lan onaren berri beste ontzien denborek ere eman zuten. Orio garaileak esaterako, 32 segundo atera zizkion, San Pedro zazpigarrenak 20. Beste estropadetan, askoz handiagoak izan dira alde horiek.

Larunbateko sailkapena 

Gaur, Orion izan du ligak bederatzigarren estropada, eta Zumaia lehen txandan joan da. Astillerok irabazi du txanda, Zumaia izan da bigarren, eta azkena Castreña. Bizi ekin diote zumaiarrek lanari, eta buruan ere jarri dira. Gero, Astillerok hartu du burua, eta Zumaia bigarren jarri da. Halaxe joan da estropada osoa. Pedreñarekin izan dute lehia estua zumaiarrek, eta Castreña hasiera samarrean geratu da atzean. Astilleroren aldea ez zen handitzen, bospasei segundoren bueltan ibili da, eta hirugarren eta azken luzean igo da pixka bat. Azkenean, 12 atera dizkio Zumaiari. Pedreña atzean utzi dute zumaiarrek hirugarren luze erditik aurrera. 9 segundo azkarrago izan da Zumaia. Castreñari 28 atera dizkio.

Gaurko sailkapena

Ligako sailkapenean, Zumaiak handitu egin du Castreña azkenarekiko aldea, eta sei puntuko tartea dago orain. Pedreña azken hirugarrena sei puntura dago orain.

Ligako sailkapena

Datorren asteburuan, Getxon eta Zumaian izango dira estropadak. Larunbatean Getxon (18:20), eta igandean, herrian bertan (12:20).

Leave a comment

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude