Altxatu eta aurrera!

Zumaiak gazitik izan du asteburua San Miguel ligan. Atzo azken-aurreko izan zen Getxon, eta gaur azkena Zumaian bertan. Ondorioak izan ditu sailkapenean: Castreña azkena lau puntura gerturatu zaio, eta Pedreña azken hirugarrenak ihes egin dio zazpi puntuko aldearekin. Sei estropada geratzen dira azken bi postuak zehazteko: azkenak maila galduko du, eta azken-aurrekoak kanporaketa izango du.

Etxeko estropadan, Zumaiako 28. ikurriñan, ez da egunik onena izan zumaiarrentzat. Kale zozketak ez die aukera handirik eman, laugarrena egokitu zaielako. Ez da egokia kanporanzko luzeak egiteko, eta Zumaia lehen luzetik hasi da atzean geratzen. Hortik aurrerakoa zama handia bilakatu da, nahiz eta bigarren ziabogatik irten eta berehala Castreñatik segundo bakarrera gerturatu. Baina azkar egin dio ospa berriz Castroko traineruak. Sei-zazpi segundoko aldea izan da bien artean, eta azkenean, sei kendu dizkio Castreñak Zumaiari.

San Pedrok irabazi du lehen txanda hori, Pedreñari 11 segundo sartuz, Castreñari 18 eta Zumaiari 25.

Bandera Kaikuk irabazi du, iaz bezala. Portugalete izan da bigarren, Astillero hirugarren.

Zumaiako 28. ikurriña: denborak

Ligako sailkapena

Zumaiako estropadako argazkiak

Atzo, Getxon,  kaleak ere ez zion asko lagundu Zumaiari. Aurrenekoa egokitu, eta haize olatuarekin, ez zen onena. Hala ere, zumaiarrek ez zuten inoiz amore eman, eta lehen bi luzeetan estropadaren barruan ziren. Gero, Castreñarekin egin zuen borroka, txandako bigarren postua lortzeko, baina atzo ere Castreña aurretik. Pedreña atzean utzi zuten zumaiarrek.

Getxoko ikurriña: denborak

Datorren asteburuan, atseden hartuko du ligak, eta abuztuaren 10 eta 11n itzuliko da: 10ean Hondarribian, eta 11n, Pasaian.

 

Leave a comment

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude