Zumaia Salegi jatetxeak txapeldun bezala amaitu du Gipuzkoako liga

Zumaia Salegi jatetxeak dotore eman dio amaiera Gipuzkoako ligari, Zarautzen irabaziz. Aise menderatu ditu, gainera, aurkari zuzenak: San Juan eta Hibaika. 15na segundo kendu dizkie biei. Lehen luzean, bost atera dizkio San Juani eta zazpi Hibaikari.

Ligako sailkapenean, alde handiz irabazi du liga Zumaia Salegi jatetxeak, eta ez da harritzekoa, sei estropadetatik bost irabazi dituelako.

Hurrengo erronka asteburuan izango dute emakumezkoek, Zarautzen bertan. Ikuriña preziatua izango da jokoan, bi egunetara, larunbatean eta igandean. Bi egunetako denborak hartuko dira kontuan ikurriñaren garailea erabakitzeko. Gainera, bi estropadak Euskotren ligako puntuagarriak izango dira, eta horretan ere buruan da Zumaia Salegi jatetxea. Liga irabazteko hautagai nagusia da, eta hala gertatuko balitz, bigarren urtez jarraian lortuko luke liga.

Leave a comment

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude