Bi estropada handi eginez, lehen helburua betetzear da Zumaia

Ederra izan da asteburua Zumaiarentzat San Miguel ligan. Zarautzen jokatu dituzte bi estropadak, eta bi lan eder eta handi egin dituzte etxeko arraunlariek (10. egin dute bi egunetako denborak kontuan hartuz). Larunbatean, bere txandan bigarren egin zuten, nabarmen atzean utziz Pedreña eta Castreña. Emaitza horrekin bi puntutan handitu zuen Castreñari ateratzen zion aldea: larunbateko lanak bukatuta, zazpi puntu aurretik zen Zumaia. Estropadan 10. egin zuen Telmo Deunek.

Igandekoa ere ederra izan zen. Lan oso ona egin zuten zumaiarrek. Tiran indartsua izan zuten txandan ezohiko txandakide, larunbatean bederatzigarren egin zuelako. Askok uste zutenaren aurka, Zumaiak ederki eutsi zion Tirani estropada osoan. Zortzi segundo eskas baino ez zizkion atera Galiziako ontziak Telmo Deuni, eta bi baino ez Pedreñaren talde onenak. Berriz ere, zumaiarrek Castreña oso atzean utzi zuten, 27 segundora.

Horrenbestez, puntu bat gehiago atera zion igandean Zumaiak Castreñari, eta orain, zortzikoa da aldea. Bi estropada baino ez dira falta jaitsierako lehia zehazteko: Portugaleten larunbatean, eta Castro Urdialesen igandean. Oker handirik ezean, Zumaiak bete egingo du denboraldiko lehen helburua: traineru bat atzean uztea, eta jaitsiera zuzenekoa saihestea. Gauzatzen bada gauzatu behar duena, kanporaketak jokatuko ditu Zumaiak, irailaren 14an eta 15ean, Bermeon eta Portugaleten.

Leave a comment

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude