Zarauzko Ikurriña preziatua eta Euskotren liga, Zumaia Salegi jatetxearentzat

Bete-betea izan da asteburu hau ere Zumaia Salegi jatetxearentzat: Zarauzko Estropada irabazi dute eta Euskotren liga bereganatu. Larunbatez eta igandez jokatu zen Zarauzkoa, eta bietan aurrena izan ziren zumaiarrak. Estropadako sailkapena bi egunetako denborak kontuan hartuz osatzen zen, eta oso urrun utzi zituen aurkariak Zumaia Salegi jatetxeak. Iaz ere garaile izan zen Zarautzen.

Bi egunetan, gainera, Euskotren ligarako puntuak zeuden jokoan. Azkeneko bi estropadak ziren ligakoak, eta zumaiarrak lehen postuan heldu ziren Zarautza. Larunbatean irabaziz ziurtatu zuen Euskotren ligako garaipena. Bigarren urtez jarraian irabazi du Zumaia Salegi jatetxeak Euskotren liga.

Hementxe, azken sailkapena.

Bi garaipen handi hauek ospatzeko, Zumaiako Arraun Elkarteak ongi-etorria antolatu zien arraunlariei, eta txarangaran laguntzaz, Kofradiara gerturatu ziren. Han, balkoira igo, eta Zarauzko Ikurriña estimatua eta ospetsua astindu ahal izan zuten.

Orain, erronka bakarra geratzen zaie Zumaia Salegi jatetxekoei: Kontxako Bandera. Hileko azken ostegunean, sailkatze estropada, eta iraileko lehen bi igandeetan, estropada bera.

Leave a comment

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude