Aurreneko helburua bete du Zumaiak

Zumaiak helburu bat jarri zuen San Miguel ligaren hasieran: azkeneko postuan ez geratzea, beste traineru bat atzean lagatzea. Horrela, KAE 1 ligara zuzenean ez zen jaitsiko. Bete du helburu hori, azken-aurrekoa izan delako sailkapenean. Oso atzean utzi du azkena, gainera, Castreña, eta espainiarrak jaitsiko dira zuzenean.

Atzo bukatu zen liga azkeneko lau sailkatuentzat, Castroko estropadan, eta Zumaia 10. izan zen, Castreña beraren eta Portugaleteren aurretik. Lehen txandan joan zen, eta hirugarren egin zuen, Astillero eta Pedreñaren atzetik; azken honek azkeneko luzean hartu zion aurre Zumaiari, eta lau segundo aurretik sartu zen. Astillerok 17 atera zizkion Telmo Deuni, eta Castreñari 31 Telmo Deunek.

Gero, bigarren txandan joan zen Portugaletek ez zuen hobetu ahal izan zumaiarren denbora.

Emaitza horrekin, erabakita geratu zen azken postuetako sailkapena: Castreñak 28 punturekin bukatu du; Zumaiak 37rekin; Pedreñak 47rekin, eta Astillerok 96rekin.

Bezperan, larunbatean, Portugaleteko eremu baldarrean, Zumaiak lan ederra egin zuen, bere helburua ia lotuta uzteko. Kalerik txarrenetekoa egokitu arren, sekulako estropada eginez, Pedreña atzean utzi zuen, eta kalerik onenaren jabe zen Castreñak bi segundo baino ez zizkion atera, eta Astillero, lehen txanda horretako garaileak, zortzi baino ez. Zumaiak Pedreñari sei atera zizkion. Estropadako sailkapenean, 11. izan zen Telmo Deun.

Kanporaketa, irailaren 14an eta 15ean

Orain, zumaiarrek Kontxara sailkatzeko estropada izango dute, ostegun honetan Donostian, eta hurrengo bi estropada ofizialak San Miguel ligan jarraitu ala ez zehaztuko dion biak izango dira: kanporaketakoak. Irailaren 14an, Bermeon izango da  lehen jardunaldia, eta bigarrena, hurrengo egunean, igandez, Portugaleten.

Aurkariak, hauek: Zierbena eta Isuntza (KAE 1 ligako lehen biak), eta Meira eta Cabo da Cruz (Galiziako ligako lehen biak). Erlojuaren aurka ariko dira bi egunetan, eta puntuak banatuko dituzte bi egunetan. Puntu gehien lortzen dituzten lehen biek lortuko dute saria: San Miguel ligan izatea hurrengo denboraldian. Puntuetan berdinketa izaten bada, bi egunetako denboren batuketa egingo da sailkapena zehazteko.

Joan zen denboraldian ere kanporaketan izan zen Zumaia, eta mailari eustea lortu zuen, bi lan zoragarri eginez. 2010ean ere kanporaketan lortu zuen mailari eustea.

 

Leave a comment

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude