Asteburuko estropadak

Betea dator asteburu hau ere Zumaiako Arraun Elkarteko arraunlarientzat eta gainerako kideentzat. Batelak, trainerillak eta traineruak uretan izango dira gaur eta bihar, han eta hemen.

Espainiako Trainerilla Txapelketa izango dute senior emakumezkoek Santanderren (Espainia) gaur eta bihar. Sailkatze estropad daukate gaur (18:00), eta finala bihar (10:30etik aurrera). Finalean aritzeko sailkatu egin behar gaur, baina ez du ematen horretarako arazo handirik izango dutenik zumaiarrek. Izan ere, faboritoak dira txapelketa irabazteko. Garaile aterako balira, marka handia ezarriko lukete, ontzi txikietako (batelak eta trainerillak) txapelketa guztiak irabaziko bailituzkete denboraldi berean.

Aurkariak hauek dira: Galiziako Meira, Chapela eta Mecos; Kantabriako Astillero eta Santoña; eta Euskal Herriko San Juan.

Bateletan, Gipuzkoako Udaberri Saria izango da jokoan Trintxerpen. Hirugarren jardunaldia da gaurkoa (11:00), eta hantxe izango da Zumaia hiru ontzirekin: nesketan kadeteak ariko dira, eta mutiletan infantilak eta kadeteak.

Traineruetan, Mutrikuko denboraldi-aurreko estropada jokatuko dute bihar (11:00), eta hantxe izango da KAE 1 Ligako Zumaia. Txandakideak Getaria eta Isuntza izango ditu. Beste traineruak hauek dira: Getxo eta Hibaika; Orio B eta Arkote; Zarautz eta Santurtzi; Ondarroa eta Donostiarra; eta azkenik, San Juan, San Pedro eta Hondarribia. Emakumezkoen lehia ere izango da, baina ez da Zumaia ariko, trainerilletako Espainiako Txapelketa duelako.

Zumaiko Beteranoek Donostian daukate gaur eguerdian estropada (12:00), ABE Ligako hirugarren jardunaldikoa.

Leave a comment

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude