Hasiera bikaina: bi bandera

zumaia zarautzen

Dotore hasi du Zumaiako Arraun Elkarteak traineru denboraldi ofiziala. Bi bandera irabazi ditu, biak Zumaiako Salegi Jatetxeak. Gipuzkoko ligan lortu ditu biak, larunbatean Pasai Donibanen eta igandean Zarautzen. Aurreneko jardunaldian, estu hartu zuen Hibaikak, eta bi segundo baino ez zizkion atera Zumaiak; igandean, aldiz, aise bota zituzten zumaiarrek aurkari guztiak. San Juan bigarrenari 16 segundo atera zizkioten, esate baterako. Esan beharrik ez dago ligako sailkapenean aurreneko postuan direla Kike Manterolaren arraunlariak.

Hurrengo estropada berezia izango da, Zumaian bertan jokatuko dutelako Gipuzkoako ligako hirugarren jardunaldia, datorren igandean, ekainaren 28an.

zumaia mutilak

KAE 1 liga ere asteburuan hasi zen, eta Zumaiak bi emaitza hauek izan zituen Zarautzen: larunbatean seigarren izan zen, Getaria garailetik 17 segundora. Igandean, hobetu egin zuen postua, laugarren izan zen, eta Getariak (igandean ere nagusi izan zen) hamabi segundo baino ez zizkion atera.

Ligako sailkapenean , zumaiarrak 7.ak dira, 16 punturekin. Getariak  24 dauzka, Isuntzak 19, Deustuk, Pedreñak eta Donostiarrak 17na, eta Ondarroak eta Zumaiak 16na. Atzetik daude Santurtzi, Zarautz (9na puntu), Orio (6 puntu), Elantxobe (4 puntu) eta Santoña (2 puntu).

Hurrengo estropada Elantxoben izango da, datorren igandean, ekainaren 28an, 12:00etan.

Zarauzko igandeko estropadako argazki bilduma hemen, KLAUSSERrek egina: https://picasaweb.google.com/103466294641691248417/20150621Zarautz

 

Zumaiko Beteranoak ABE ligako  estropada izan zuten Zumaian larunbat arratsaldean, eta gutxi behar izan zuten trapua bereganatzeko. Ehunekoek galarazi zieten garaipena, eta Arkotera joan zen ikurriña. Zierbenak egin zuen hirugarren.

Harrobiko arraunlariek Tolosan izan zuten lana larunbat goizean, eta emaitza hauek atera zituzten: emakumezkoetan, promesak hirugarren izan ziren; gizonezkoetan, infantilak bigarren, eta kadeteak zortzigarren. Bateletako Udaberri sariko azkeneko estropada Zumaian izango da, datorren larunbatean, ekainaren 27an, 12:00etan.

Leave a comment

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude