Sei estropadetan ariko da Zumaia asteburuan

Zumaiako traineru guztak uretan izango dira asteburu honetan. Sei estropada jokatuko dituzte, denera.

Zumaia Salegi Jatetxeak denboraldiko estropada garrantzitsuenetakoak ditu: Euskotren ligara sailkatzeko biak. Bihar eta etzi, Pasai San Pedron eta Donostian hurrenez hurren, hiru taldek jasoko dute saria, ligan aritzeko aukera. San Juan sailkatua dago iazko garailea izateagatik. Bi egunetan erlojuaren aurka jokatuko dute zortzi ontzik, eta bi egunetan puntu gehien batzen dituzten hirurak sailkatuko dira Euskotren ligan aritzeko.

Bi estropada hauek, gainera, Gipuzkoako ligarako puntuagarriak izango dira, eta hor Zumaia da buruan, jokatutako hiru estropadak irabazita.

Biharkoa 18:00etan hasiko da, eta etzikoa 12:00etan.

KAE 1 ligako Zumaiak Donostian dauka estropada larunbatean. 17:30ean hasiko da, eta ligako bosgarren jardunaldikoa izango da. Bolada onean dira zumaiarrak, azken bi estropadak irabazi dituztelako, eta sailkapenean bigarren daude, Getariatik lau puntura. Azkeneko txandan joango da Telmo Deun, eta alboan izango ditu Getaria, Ondarroa eta Isuntza.

KAE 2ko Zumaiak lan bikoitza dauka, bihar eta etzi dituelako estropadak. Hain zuzen, ligako bigarren eta hirugarren jardunaldikoak. Bihar Donostian ariko da, 11:30ean, eta etzi Pasai San Pedron, 11:00etan. Etzikoa berezia izango da eremuari dagokionez, bost ziabogatara eta sei luzetara jokatu beharko dutelako. Zumaiarrak 11. dira sailkapenean.

Zumaiko Beteranoek ere estropada daukate asteburuan, ABE ligakoa. Seigarren jardunaldia dute, eta Zierbenan ariko dira, igandean, 12:00etatik aurrera.

 

Leave a comment

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude