Zumaia Salegi Jatetxea, banderarekin Euskotren ligara

zumaia eusko
Aintzane Irazoki

Asteburuko emaitzei begira jarrita, Zumaia Salegi Jatetxeak igandean Donostian lortutako bandera da aipagarriena. Euskotren ligara sailkatzeko bigarren jardunaldia zen, eta bezperan bezala erlojuaren aurka aritu ziren traineruak. Pasai San Pedron larunbatean gertatu zena gertatu zen Donostian ere, sailkatzeko estropadan behintzat: zumaiarrak izan ziren azkarrenak, eta horrenbestez, liga horretan aritzeko aukera lotu dute. Hibaika eta Orio izan ziren beste bi sailkatuak, eta San Juanek osatuko du laukoa. Pasaitarrak aritu dira bi estropada hauetan, baina sailkatuak zeuden ligarako, iazko garaileak izateagatik.

Hain zuzen, San Juanek eraman zuen larunbateko bandera, zumaiarrei segundoa eta 80 ehunen ateraz. Igandean, aldiz, Zumaiak sendatu ahal izan zuen bezperako mina, eta 11 segundo azkarrago izan zen San Juanen aldean.

Asteburuko bi estropadak ligarako puntuagarriak ere bazirenez, Zumaia da lider 7 punturekin, eta San Juanek ere beste horrenbeste dauzka. Oriok eta Hibaikak hiruna dituzte.

Gipuzkoako ligarako ere puntuak banatu zituzten bi estropada horiek, eta hor ere Zumaia da buruan 44 punturekin, San Juan bigarren 40rekin eta Hibaika hirugarren 34rekin.

Euskotren ligako hurrengo estropada larunbatean daukate, Orion (18:00). Eta igandean bestea (12:00), Portugaleteko eremuan.

Aurretik baina izango dute beste estropada bat: asteazken honetan Gipuzkoako txapelketa, Donostian (18:30).

zumaia ka1
Klausser

Asteazkeneko estropada horretan Zumaia ere izango da, KAE 1 ligako Telmo Deun. Larunbateko estropada jokatu zuten eremu berean, hain zuzen. Ez zuten emaitza onik lortu ahal izan ligako bosgarren estropadan, seigarren izan baitziren. Azkeneko txandan azkena izan zen Telmo Deun. Ligako sailkapenean hirugarren da, Getariaren eta Ondarroaren atzetik; bi puntu gehiago dauzka Ondarroak.

Hurrengo estropada larunbatean dauka, Pedreñan (Espainia), 18:00etan. Eta igandean bestea, Orion, 18:30ean.

KAE 2 ligan, Zumaia Bk bi estropada izan zituen asteburuan: Donostian larunbatean, eta Pasai San Pedron igandean. Hamabigarren izan zen larunbatean, eta bederatzigarren igandean. Sailkapenean 11.a da.

Hurrengo bi estropadak asteburuan dauzka: larunbatean Plentzian, 16:30ean, eta igandean, Lezo-Pasaian, 12:00etan.

Zumaiko Beteranoak bosgarren izan ziren igandean Zierbenan, ABE ligaren barruan. Getxok irabazi zuen. Sailkapen nagusian hirugarren dira zumaiarrak, Arkote eta Zierbenaren atzetik.

Ligako hurrengo estropada datorren larunbatean daukate, Pontejosen (Espainia), 17:00etan.

 

 

Leave a comment

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude