Hiru estropada Zumaian larunbat honetan

zumaia oriyon

Polita dator asteburua Zumaiako arraun zalearentzat. Izan ere, hiru estropada izango dira herrian larunbatean, Zumaiako Arraun Elkarteak antolatuta.

Ordutegiaren hurrenkera errespetatuz, aurrenekoa emakumezkoen Gipuzkoako Ligakoa izango da, eta 11:30ean hasiko da. Talde hauek ariko dira: Zarautz-Getaria, Donosti-Arraun, Hernani, Oiartzun eta Colindres.

Bigarren estropada 12:00etan abiatuko da, eta KAE 1 ligakoa izango da. Hemen bai, hemen Zumaia ariko da, Zumaiako 30. Ikurriña jokoan dela. Zortzigarren jardunaldia da, eta horrek esan nahi du erdia egina izango dutela larunbatekoaren ondoren, hamalau jardunali baitira denera.

Zumaia azkeneko txandan aterako da, Getaria, Ondarroa eta Deusturekin. Zumaiak bost puntura dauka Ondarroa bigarren sailkatua, eta oraintxe bertan horixe da helburua, Ligako lehen biak ariko direlako San Miguel ligara igotzeko kanporaketan irailean. Zumaia hirugarren da orain.

Zumaiakoa ez dute izango asteburuko estropada bakarra. Igandean Lekeition ariko dira KAE 1 Ligakoak, bederatzigarren jardunaldian, 12:00etan hasita.

KAE 2 Ligako estropada izango da Zumaian larunbatean izango den hirugarrena, Zumaiako 5. Ikurriña. 17:30ean hasiko da, eta Zumaia B lehian ariko da. Hamahirugarren sailkatua dago. Ligako seigarren jardunaldia izango da.

Igandean hauek ere lehiaketa izango dute. Getxon ariko dira, 14:00etan hasita.

zumaia b

Mariskoaren zozketa eta klubeko arroparen salmenta

Urtero bezala, Zumaiako Arraun Elkarteak zozketa antolatu du herriko estropadetan. Mariskoa eta arraina zozkatu ditu, eta zenbakiak saltzen estropada egunean bertan izango da klubeko jendea.

Gainera, klubak atera duen arropa berria ere salgai izango da estropada egunean, goizean eta arratsaldean.

Leave a comment

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude