Zumaiaren desenbarkoa Getarian

IMG_20150802_093338

IMG_20150802_184254

Handia egin zuen Zumaiak asteburuan Getarian. Hiru bandera zeuden jokoan eta bi ekarri zituzten gure arraunlariek. Larunbatean emakumezkoek Gipuzkoako ligako estropadakoa, eta igandean gizonezkoek Getariako Ikurriña, KAE 1 ligakoa. Desenbarkoa izan da zumaiarrena.

ZUMAIA SALEGI JATETXEA garaipenen bidera itzuli zen larunbatean, eta aise bota zituen aurkariak. 16 segundo atera zizkion Oriori, 22 San Juani eta 32 Hibaikari.

Gipuzkoako liga ia erabakita utzi zuten zumaiarrek, sei puntuko aldea dutelako orain San Juanekiko.

ZUMAIAk eman zuen igandean sekulako danbatekoa KAE 1 ligan, Getariari Getarian bertan bandera irabaziz. Bi egunetako denborekin osatu zen estropada, eta larunbatean hiru segundo aurretik zen Getaria. Igandean baina sei sartu zizkion Telmo Deunek. Horrela, igandean azkarrena izan zen eta bandera ere irabazi zuen.

Gainera, ligan, sei puntu sartu dizkio Ondarroari bi egunetan eta aurretik da orain Zumaia. Puntu bat gehiago du eta hiru estropada falta dira amaitzeko: Ondarroakoa, Santoñakoa eta Bilbokoa. Ligako lehen biek jokatuko dute San Miguel ligara igotzeko kanporaketa irailean.

KAE 2 ligan, ZUMAIA Bk 12. egin zuen igandean Pasaian. Erraz irabazi zuen bere txanda, Bermeo B eta Iberia atzean utziz. Ligako sailkapenean 13.a da.

 

Leave a comment

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude