Helburuak bikain bete dituzte arraunlariek asteburuan

 

Ondo egindako lanak saria ekarri die Zumaiako Arraun Elkarteko arraunlariei, emakumezkoei eta gizonezkoei. Zumaia Salegi Jatetxeak Gipuzkoako liga irabazi zuen larunbatean Colindresen (Espainia), eta Zumaiak sailkatzea lortu zuen San Miguel ligara igotzeko kanporaketara, igandean Bilbon. Bikaina izan da asteburua Zumaiako Arraun Elkartearentzat.

Bilbon jokatu zuten KAE 1eko azkeneko jardunaldia, eta Telmo Deun hirugarren izan zen erlojuaren aurkako lanean. Gutxi behar izan zuen bandera ekartzeko, Donostiarra garaileak hiru segundo bakarrik atera zizkiolako eta Deustu bigarrenak bi. Baina helburua nagusia beteta etorri ziren arraunlariak, eta San Miguel ligara igotzeko aukerekin dira, liga bigarren bukatu eta gero. Irailaren 19an eta 20an izango da kanporaketa hori, Bermeon larunbatean eta Portugaleten igandean. Aurkariak hauek: Getaria (zorionak KAE 1 liga irabazteagatik bigarrenez jarraian), Portugalete eta Galiziko bi ordezkari. Birek lortuko dute saria.

Handia litzateke berriz ere Zumaia liga gorenean ikustea. 2013am jaitsi zen bertatik, 2006tik ibili eta gero. Denboraldia bikain doa, lau bandera irabazi dituztelako KAE 1 ligan, iaz bezala. Igotzea biribiltzea litzateke sasoi bikain hau.

Bezperan ekarri zuten aurreneko poza emakumezkoek, Gipuzkoako liga irabazita. Bandera ezin izan zuten irabazi, gutxigatik. Hauek ere erlojuaren aurka aritu ziren, eta San Juan izan zen azkarrena, eta bi segundora geratu ziren Zumaia eta Hibaika.

Orain datorkie denboraldiko beste erronka handia. Kontxako Bandera izango da jokoan iraila hasieran; lehendabizi sailkatze estropada jokatuko dute irailaren 3an,ostegunez, eta lau azkarrenek lortuko dute sailkatzea. Iraileko lehen bi igandeetan izango da bandera lortzeko lehia, eta zumaiarrek aukerak dituzte bandera preziatuena bigarrenez irabazteko (2013an izan zen aurreneko garaipena).

Azkenik, Zumaia Bk 12. egin zuen Colindresen larunbatean, eta 13. igandean Hondarribian, KAE 2 ligetako estropadetan. Hauentzat bukatu da ofizialki liga, nahiz eta igandean Erandion ariko diren, ligari akabera emateko estropadan. Harrobiko lana sustatzeko dabil uretan traineru hau, eta lan ederra egin dute horretan. Datorren urtean ikusiko ditugu Zumaia Bko arraunlari batzuk goiko taldean, eta horrek dauka sekulako balioa.

 

Leave a comment

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude