Telmo Deun, aurten egindakoari segida emateko moduan

Hasi dituzte entrenamenduak senior gizonezkoek. Azaroaren 2an ekin zioten lanari, eta aurreko asteburuko larunbatean uretan izan ziren entrenatzen. Bi traineru osatu zituzten, eta zortzi bat arraunlari lehorreko lana egiten geratu ziren; horietaz gain, lauzpabostek ezin izan zuten azaldu entrenamendura. Beraz, horrek esan nahi du 35 bat arraunlarirekin hasi direla lanean.

Gustura dira Patxi Frances eta Rafa Gonzalez de Txabarri prestatzaileak, aurtengo taldeak ia osorik jarraitzen duelako. Hiru bakarrik dira utzi dutenak. Aurten arraun egin ez, baina iragan hurbilean Telmo Deunen arraun egin zuten hiru arraunlari itzuli dira, eta kanpoko beste bi ere azaldu dira, Zumaian arraun egin nahi dutelako; bi horiek esperientzia dute San Miguel ligan.

Prestakuntza hasi baino ez da egin, eta luze joko du oraindik… Urruti da uda, baina hala ere, orain lanak ondo egitea funtsezkoa da geroko. Ilusioa da nagusi; batetik, bi urteren buruan, Zumaia berriz ere San Miguel ligan izango delako; eta bestetik, bi urte hauetako lanari segida emateko moduan izango delako taldea. Ez da ia hutsetik hasi beharko, aurreko urte askotan gertatu izan den bezala.

IMG_0330

Harrobian, inoiz baino arraunlari gehiago

Seniorretan albiste onak diren bezala, beste horrenbeste gertatzen ari da harrobiko arraunlarien inguruan ere, Inoiz baino gazte eta ume gehiago dabil entrenatzen, eta garbi dago, harrobia osasuntsu dagoela. 6oren bueltan dago arraunlari kopurua aurten. Zumaiako Arraun Elkartearen oinarri nagusia harrobiko lana izanik, hain kopuru handian klubean aritzea oso pozgarria da.

Harrobiko arraunlarien entrenatzaileen kasuan, aurtengo batzuek segi egiten dute, eta beste batzuk berriak dira.

IMG_2493

Emakumezkoen taldean, zalantzak

Bestelako kontuak azaldu dira emakumezkoen senior taldean. Dena da zalantza momentu hauetan, eta egun edo aste batzuk igaro beharko dira kontu guztiak argitzeko.

IMG_0122

ARGAZKIAK: Klausser

Leave a comment

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude