Hemen da Gipuzkoako Batel Liga. Larunbat honetan hasiko da Pasai Donibanen, 16:00etatik aurrera. Ontzi eta arraunlari ugari ariko da arraunean, bakoitza bere mailaren barruan. Zumaiako Arraun Elkartearen ordezkaritza ere oso handia izango da: 11 batel lehiatuko dira.
Mailaz maila hartuta, hauxe da zumaiarren parte-hartzea:
- Infantil emakumezkoetan, batel bat.
- Kadete emakumezkoetan, bi batel.
- Infantil gizonezkoetan, hiru batel.
- Kadete gizonezkoetan, hiru batel.
- Senior emakumezkoetan, batel bat.
- Jubenil gizonezkoetan, batel bat.
Urriaren hasieran ekin zieten entrenamenduei, eta harrezkero lanean jardun eta gero, heldu zaie lehian neurtzeko aukera. Ligan, denera, hamabost estropada izango dituzte, eta Gipuzkoako Txapelketa apirilaren 16an eta 17an jokatuko dute.
Inoizko arraunlari kopurua handienarekin ari da lanean Zumaiako Arraun Elkartean harrobian.
Zumaian ere jokatuko da Ligako estropada, baina oraindik ez dago eguna finkatuta.
