Ikurriña, eta brontzezko domina Euskadiko Batel Txapelketan

Ederra joan da Euskadiko Batel Txapelketa Zumaiako Arraun Elkartearentzat. Urrezko domina eta brontzezko bana ekarri zituzten arraunlariek Legutioko urtegitik (Araba).

Infantil gizonezkoek txapelketa irabazi zuten. Bermeo, Santurtzi eta Arkote atzean utzi zituzten atzoko finalean. Hiruna segundo atera zieten Bermeori eta Santurtziri, eta bederatzi Arkoteri. Denboraldi paregabea daramate Aitor Alzibar eta Iñaki Aristik entrenatzen dituzten arraunlariek. Gipuzkoako bi lehiaketetan nagusi izan ziren (Ligan eta Txapelketan), eta orain, Euskadikoarekin osatu dute garaipen zerrenda potoloa.

mutilak ikurriña

Brontzezko domina emakumezkoek ekarri zuten, seniorren mailan. Atzoko finalean, San Juanek irabazi zuen, Hibaikaren aurretik (segundo berean sartu ziren biak), eta zumaiarrek Kaiku utzi zuten atzean; lehen biek hogei segundo sartu zizkieten zumaiarrei, eta hauek bi segundo Kaikuri.  Gipuzkoako Txapelketan ere brontzezko domina lortu zuten; denboraldi ona izan da hauentzat ere.

neskak podium

Espainiako Txapelketa, asteburuan

Euskal Herriko lehiaketak bukatu dira txapelketarekin, baina ez batel denboraldia. Espainiako Txapelketa jokatuko da datorren asteburuan Vigon (Galizia). Hantxe izango da infantil gizonezkoen batela.

Beteranoen traineru estropadan, Zumaia garaile etxean

Bestalde, beste estropada bat ere jokatu zuten larunbatean Zumaiako arraunlariek. Traineruen arteko lehia izan zen, eta Zumaian bertan izan zen. Beteranoen estropada izan zen, eta zumaiarrak izan ziren azkarrenak erlojuaren aurkako lehian.

Sailkapena:

1. Zumaia: 12:18.

2. Arkote: 12:30.

3. Getxo: 12:57.

4. Fortuna: 13:07.

5. Zarautz: 13:11.

6. Sestao: 14:01.

beteranoak

Leave a comment

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude