Asteburuko estropadak

Bete-betea dator asteburua Zumaiako arraunlarientzat. Estropada askotan ariko dira.

Traineruetan, Telmo Deun Ondarroan izango da larunbat eguerdian, denboraldi-aurreko estropadan parte hartzen. Hilabete baino gutxiago falta da ekainaren 19an San Miguel liga hasteko (Zumaia liga nagusian ariko da hiru urteren ondoren), eta test ona izango da prestakuntza nola doan ikusteko. Zumaia B ere Ondarroan izango da. Erlojuaren aurkako estropada izango da, hiru txandetan banatuta. Zumaia B aurrenekoan joango da, eta Zumaia A azkenekoan, aurkariak hauek dituela: Portugalete, Zierbena, San Juan, Urdaibai eta Kaiku. 12:00etan aterako da lehen txandako aurreneko ontzia.

Trainerilletan, bukatu zela denboraldia zumaiarrentzat azaldu genuen astearen hasieran, baina Euskadiko Txapelketan parte hartzeko aukera orain ez dago Gipuzkoako Txapelketako sailkapenaren arabera, eta Zumaiako jubenilen ontzia Mutrikun izango da larunbatean, 16:30etik aurrera estropadan parte hartzeko. Aurreneko lau denbora onena egiteko gai badira, finalean izango dira igandean (11:00). Hala ez bada, bosgarrenetik zortzigarrenera bitarteko denbora egin dutenek kontsolazio finala jokatu beharko dute. Jubeniletan, larunbatean, 11 talde ariko dira lehian.

Traineruetan eta beteranoetan, Ligako bigarren estropada izango dute igandean, Orion, eta hantxe izango dira Zumaiako Beteranoak. 11:00etan hasiko da estropada. Erlojuaren aurka ariko dira, bi txandetan banatuta. Zumaiarrak bigarrengoan aterako dira, Deusturen atzetik, eta Getxo eta Arkoteren aurretik.

Leave a comment

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude