Hastera doa San Miguel liga, Telmo Deun bertan dela

zumaia mutrikun

Argazkia: Klausser

Joan dira hilabete batzuk Zumaiak San Miguel ligara igotzeko kanporaketa irabazi zuenetik. Telmo Deuneko arraunlariak prestatzen ibili dira hilabete luzetan, eta azkenean heldu da momentua. Hastera doa arrauneko Liga nagusia, eta hiru urteren burua Zumaian bueltan izango da bertan.

Sevillan izango da igande honetan aurreneko estropada (12:00, ETB1), erlojuaren aurka eta binaka. Beste hogei estropadek osatuko dute egutegia, irailaren 18an azkenekoa jokatu arte, eta Zumaian, uztailaren 31n izango da, 12:00etan.

Telmo Deuneko entrenatzaile aurten ere Patxi Frances izango da, Rafa Gonzalez de Txabarri prestatzaile fisikoarekin batera. Hirugarren denboraldia beteko dute Zumaian biek. Arraunlarien artean, iazko taldetik lau faltako dira: Josu eta Jagoba Uranga anaiak, Josu Osa eta Mikel Herrero. Berriak, aldiz, hauek dira: Aitor Gorrotxategi, Jon Badiola, Iker Peña, Karlos Mendizabal eta Iñaki Errazkin.

Zumaiarren asmoa bat eta bakarra da: mailari eustea.

Bigarren trainerua ere uretan izango da aurten, harrobiko lana eginez, eta hauek ekainaren 25ean ekingo diote KAE 2 ligari, Donibane Lohizunen (Lapurdi), estropada puntuagarria izango ez bada ere.

Leave a comment

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude