Asteburuko emaitzak

Bost estropadatan aritu da Zumaia asteburuan, eta taldeka aztertuta, hauek izan dira emaitzak:

San Miguel ligan, pausoz pauso aurrera

Bi estropada izan dituzte gure arraunlariek asteburuan liga nagusian, eta larunbatean, Astilleron (Espainia), azkenak izan ziren. Erlojuaren aurka jokatu zuten estropada, oso baldintza gogorretan, marea erdian eta ura behera emanda, ur gutxirekin eta itsas-korronte indartsuekin. Hondarribia moldatu zen ondoen.

Igandean, itsasoko lehen estropada izan zen, Zierbenan, eta zumaiarrak aurreneko txandan joan ziren, Portugalete, San Juan eta Tiranekin. Atzetik aurrerako lana eginez, gutxi behar izan zuten Telmo Deuneko arraunlariek txandan azkena ez egiteko; izan ere, Portugaletek segundoa pasatxo bakarrik atera zien azkenean. Beste bi txandak jokatu eta gero, Zumaia azken-aurreko izan zen, orain arteko postu eta emaitza onena lortuz; San Pedro utzi zuten atzean. San Juanek irabazi zuen estropada.

Sailkapen nagusian, zumaiarrak azkenak dira lau punturekin, eta aurretik dituzte Portugalete eta San Pedro zortzina punturekin.

Ligako hurrengo bi estropadak Gipuzkoan izango dira: larunbatean Orion, erlojuaren aurka eta erreka zuloan berriz ere, eta igandean, Donostian, itsasoan.

zumaia zierbenan

KAE 2 ligan, hasiera oso ona

Ligako lehen bi estropada puntuagarriak jokatu dituzte asteburuan, Erandion larunbatean, eta Elantxoben igandean, eta zumaiarrek bosgarren eta laugarren egin zuten, hurrenez hurren. Oso emaitza onak dira harrobia lantzeko helburu nagusia duen talde honentzat.

Hurrengo estropada datorren larunbatean izango dute, Donostian, 11:30ean.

Beteranoak, laugarren

Sestaon izan zuten estropada Beteranoek larunbatean, eta laugarren egin zuten, Getxo, Arkote eta Pontejosen atzetik. Sailkapen nagusian hirugarren daude.

Hurrengo estropada Plentzian izango dute, uztailaren 16an.

Leave a comment

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude