Galiziara begira

Joan zen joan aurreko asteburua ere, eta Telmo Deunek berriro ere ez zuen zortea lagun izan itsasoko estropadan. Getxon, kale zozketan joan zitzaizkion emaitza ona ateratzeko aukera guztiak, duela bi igande Donostian gertatu zen bezala, eta aurrekoan Zierbenan bezala. Azkena egin zuen Getxon ere, Donostian bezala.

Eta nola Portugalete, mailari eusteko aurkari zuzena, zortez dabilen kale zozketetan, beste hiru puntu gehiago sartu zizkion Telmo Deuni San Miguel ligako sailkapenean. Orain, 10 puntukoa da aldea bizkaitarren alde, zazpi estropada jokatu eta gero.

Galiziara begira daude orain gure arraunlariak. Asteburuan, hantxe izango dira ligako bi estropadak, eta ea zorte ona azaltzen den sorginen lurralde horretan, beharra badago eta. Bestela, taldea bere esku dagoen guztia ari da egiten, eta ezin zaie gehiago eskatu arraunlariei.

Zumaia Bk ere bi estropada izan zituen asteburuan, eta batean eta bestean zazpigarren egin zuen. Sailkapenean, bosgarren daude gure harrobiko arraunlaiak. Nabarmendu beharra dago 15 urteko patroiak egin zuela debuta asteburuan zumaiarrekin: Alex Arribasek. Hurrengo larunbatean, Mundakan daukate estropada, eta igandean, Sestaon.

Beteranoak Plentzian aritu ziren larunbatean, eta bosgarren egin zuten. Sailkapenean laugarren daude. Hurrengo larunbatean San Vicente de la Barqueran (Espainia) dute ligako estropada.

Leave a comment

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude