Bagoaz, Galizia!

Telmo Deuneko gure arraunlariak  Galizian izango dira larunbat eta igande honetan, San Miguel ligako zortzigarren eta bederatzigarren estropadak jokatzeko. Bihar, Moañan dute estropada, 18:00etan, eta lehen txandan ariko dira zumaiarrak, Portugalete, San Pedro eta Zierbenarekin batera. Igandean, 12:00etan, Boiron izango dute lehia, eta txandak biharko estropadako emaitzaren arabera osatuko dituzte.

Sailkapenean azkena izan arren, Portugaletek 10 puntuko aldea atera arren, eta azkenaldian kolpe handia hartu arren itsasoko bi estropadetan, gure arraunlariak bizi-bizi daude eta animoz gainezka. Badakite gai direla sailkapenari buelta emateko, eta horretan hastera doaz Galiziara.

KAE 2 ligako Zumaia Bk ere bi estropada izango ditu asteburuan. Larunbatean, Mundakan ariko da, 17:30etik aurrera, eta igandean, Sestaon, 16:30ean (erlojuaren aurka). Sailkapenean, bosgarren dira gure arraunlariak.

Beteranoek ere lana izango dute bihar. San Vicente de la Barqueran (Espainia) daukate estropada, 19:00etan hasita. Ligako zortzigarren estropada da, eta zumaiarrak laugarren daude sailkapenean.

Leave a comment

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude