Arraun asteburua Zumaian

Gozatu ederra hartuko dugu asteburuan herrian, arrauna maite dugunok. Lau estropada jokatuko dituzte larunbatean eta igandean. Hauxe da egutegia:

  • Larunbata: 17:00etan, Gipuzkoako liga. 

Partaideak talde hauek izango dira: Getaria-Zarautz, Hernani, Arraun Lagunak, Deustu, Colindres eta Hondarribia.

  • Larunbata: 17:30ean, KAE 2 liga.

Hamargarren jardunaldia izango da, eta hamalau talde ariko dira arraunean, tartean Zumaia B. Sailkapenean, seigarren daude zumaiarrak.

  • Igandean, 12:00etan, Euskotren liga. 

Bosgarren jardunaldia izango dute lau talde hauek: San Juan, Hibaika, Orio eta Cabo da Cruz.

  • Igandean, 12:30ean, San Miguel liga. 

Hamaikagarren jardunaldia izango dute jokoan hamabi taldeek, eta lehian izango da, nola ez, Zumaia.

zumaian estropada

Boluntarioen beharra eta zaleei deialdia

Zumaiako Arraun Elkarteko kideentzat lanez betetako asteburua izango da, eta deialdia egin du elkarteak boluntario eske. Edozein eratako laguntza ondo hartua izango da, eta zenbat eta jende gehiagok lagundu, errazago moldatuko dute asteburua. Lagundu nahi duenak, telefono zenbaki honetara deitu behar du: 629835567.

Bestalde, zumaiarrei dei berezia luzatu die Arraun Elkarteak: gorriz janzteko, eta azaltzeko estropada ikustera, Paol muturrera, gure arraunlariei animoak emateko. Atzoko aurkezpenean, hau esan zuen Anjel Etxanizek, presidenteak: “Zumaiar asko joaten gara Kontxara urtero, baina gero, inguruko estropadetara, oso gutxi. Aldatu beharra dago hori, eta Donostiara bezala hasi beharko genuke inguruko estropadetara joaten gure arraunlariak animatzera. Herrian izanda estropadak asteburuan, aukera ederra daukagu kamixeta gorria jantzi eta gure arraunlariak animatzeko”.

Estropada gehiago, herritik kanpo

Zumaiakoak ez dira izango asteburuko estropada bakarrak. San Miguel ligan, larunbatean, Pasaian (18:30), hamargarren jardunaldia izango dute jokoan, oso eremu berezian: sei luze eta bost ziabogatara jokatu beharko dute. Lehen txandan joango da gure Telmo Deun, alboan talde hauek dituela: Portugalete, San Pedro eta Zierbena. Aurreko asteburuan Galizian bi puntu jan zizkieten gure arraunlariek Portugaletekoei, eta bide horretan jarraitu beharrean dira. Orain, zortzi aurretik dira bizkaitarrak.

Zumaia Bk igandean izango du KAE 2 ligako hamaikagarren estropada. 12:00etan hasita, erlojuaren aurka lehiatuko dira Sestaon.

Beteranoek ere lana izango dute asteburu honetan, eta berezia izango da, gainera, ligako azkena dutelako. Getxon ariko dira, 16:30etik aurrera. Zumaiarrak hirugarren daude sailkapenean.

Leave a comment

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude