Bizirik hedu da Zumaia azkeneko bi estropadetara

Asteburu ona izan da gure arraunlarientzat San Miguel ligan. Hiru puntutan murriztu dute Portugaletek ateratzen zien aldea, eta orain seikoa da. Bi estropada bakarrik geratzen dira erabakitzeko zein talde jaitsiko den eta zeinek jokatuko duen kanporaketa. Bi jardunaldi horiek datorren larunbatean eta igandean jokatuko dituzte, Portugaleteko erreka zuloan.

Jakina da eremu horretan (ere) sekulako aldeak egoten direla kaletik kalera, eta kale zozketetan orain arte izan ez duen zorte ona alde izan beharko du Zumaiak mailaz galdu nahi ez badu. Gure arraunlariek bere lana ondo bete beharko dute, lehendabizi, eta gero, zorteak ere lagundu egin beharko die.

Asteburuko emaitzei eta lanari begiratuta, larunbatekoa historian geratuko da. Izan ere, lehen txandako onenak eta azkarrenak izan ziren gure arraunlariak Hondarribian, eta zortzigarren bukatu zuten, urteko emaitza onena lortuz. Atzean utzi zituzten Portugalete, San Pedro eta Zierbena. Sekulako estropada egin zuten. Bederatzigarren denboraldia du hau Telmo Deunek San Miguel ligan, eta hamabosgarren aldiz irabazi zuen txanda bat aurreko larunbatean. Egun seinalatua zen, gainera, Zumaiako arraunaren historian, 35 urte bete baitziren Telmo Deunek aurreneko bandera irabazi zuenetik. Bilbon izan zen, Villa de Bilbao estropadan, 1981eko abuztuaren 20an.

1471722342_2
Gure arraunlarik pozik eta elkar zoriontzen, larunbatean txanda irabazi eta segituan.

Igandean ere lan ona osatu zuten gure arraunlariek Castro Urdialesen (Espainia). Larunbateko aurkari berdinak alboan, hirugarren egin zuten txandan, San Pedro eta Zierbenaren atzetik, eta Portugaleteren aurretik. Hamargarren egin zuten azkenean.

Zumaia B-k ere bi estropada izan ditu asteburuan KAE 2 ligan, azkeneko bi puntuagarriak. Larunbatean, Plentzian, zazpigarren egin zuten, eta igandean, Camargon (Espainia), hamabigarren. Zortzigarren bukatu dute gure harrobiko arraunlariek liga hau.

Datorren larunbatean, Colindresen (Espainia), azkeneko estropada izango dute. Ligakoa da, baina ez da puntuagarria izango.

Leave a comment

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude