Dena hankaz gora jartzeko prest

13962537_840700012731651_4022190974901402979_n

Azkeneko aukera: kale edo bale, zirt edo zart. Larunbat eta igande honetan erabakiko da zein talde jaitsiko den San Miguel ligatik, eta zeinek jokatuko duen igoera-jaitsierako kanporaketa. Alegia, zein izango den ligako azkena eta zein azken-aurrekoa.

Zoritxarrez, borroka horretan da gure Telmo Deun, eta gainera, azkena da oraingoz. Sei puntura dauka Portugalete. Bien artean banatuko dituzte azkeneko bi lekuak. Ez dago beste hautagairik eta aukerarik.

Portugaleteko zuloan jokatuko dituzte bi estropadak: larunbatekoa 18:00etan, eta igandekoa, 12:00etan. Ibaian. Kaleen artekoa inon baino agerikoagoa eta nabarmenagoa den eremu bihurrian. Horrek esan nahi du kale zozketa erabakigarria izango dela. Gure arraunlariek  ezinbestean behar dituzte kale onak bi egunetan, bestela oso zaila izango delako Portugalete harrapatzea. Eta beraiei txarrak tokatzen bazaizkie eta gureei onak bi egunetan, ligako sailkapena hankaz gora jarriko dute gure arraunlariek. Gai direlako bi estropada bikain egiteko. Trainerua oso ondo dabil, eta erakutsi zuen hori aurreko larunbatean, Hondarribian lehen txanda irabaziz.

Bi baldintza bete beharko dira, horrenbestez, asteburuan: gure arraunlariek lan ona egitea, eta kale zozketan zortea alde izatea. Bi baldintzak elkartzen badira, kontuz zumaiarrekin.

Gertatzen dena gertatzen dela, emaitza gorabehera, sekulako txaloa merezi dute gure arraunlariek. Lan oso ona egin dute urte guztian zehar, eta ligan ere oso itxura eman dute. Gauzak okertu zaizkie Donostiako eta Getxoko estropadan kale txarra tokatu eta Portugaleteri ona egokitu zitzaionean. Hantxe zabaldu zuen tartea, eta gero gureak bost puntura jarri baziren ere, Zarautzen kale zozketak kaltea egin zien berriz gureei; ez aldiz Portugaleteri. Baina gureek borrokan jarraitzen dute, eta aurreko asteburuan, bederatzitik sei puntura jaitsi zuten aldea.

Ez dudarik izan asteburu honetan ere dena emango dutela gure arraunlariek.

Polita litzateke zaleak Portugaletera joatea larunbatean eta igandean gure arraunlariak animatzera. Eskertuko dute zaleen berotasuna estropadara doazenean, lehian direnean, eta batez ere, lanak bukatutakoan. Urte guztiko lan zoragarriak merezi du ahalegina Portugaletera joatekoa, lan handi horren esker ona adierazteko gure arraunlariei.

Zumaia B-k azkeneko estropada

KAE 2 ligako azkeneko estropada jokatuko dute ligako talde guztiek bihar larunbata Colindresen (18: 45). Erlojuaren aurkako lehia izango da. Ez da puntuagarria izango, estropada berean KAE 1 ligara igotzeko kanporaketa ere jokatuko dutelako.

Leave a comment

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude