Beste urte zoragarri bat

Urte ahaztezin baten kronika

Buelta osoa ere ez du eman oraindik urteak 2015eko irailaren 20 hartatik. Arraun munduaren ezusterako, gure arraunlariek handia egin zuten: San Miguel ligara igo. Portugaleteko zubitik gertu, metro batzuetara, Telmo Deun azaldu zen uretatik irten berritan, gure arraunlariek bizkarrean zekartela. Muturra tente, gorantz begira. Sinbologia handiko irudia erakusten zuen une hark. Telmo Deun goian zen, mailarik altuenean.

muturra gora

Pozik ziren arraunlariak, arraunlarien lagunak eta familiakoak; pozik ziren entrenatzaileak eta laguntzaileak; pozik ziren zuzendaritzakoak; eta nola ez, pozik ziren zaleak. Igotzeko kanporaketan presente izan ziren, eta baita kanporaketan aritzea ziurtatu zen estropadan ere, Bilbon, Aste Nagusian. Beste estropada guztietan ere ikusi ahal izan zen kolore gorria.

Etorri ginen Zumaiara irailaren 20 hartan, Salegi Jatetxean (eskerrik asko babesten jarraitzeagatik) bazkaldu eta igoera behar bezala ospatu eta gero. Ospakizun politena falta zen: herriarena rezibimientua. Kofradia gainezka zela, balkoian azaldu ziren protagonistak.  Jaso zituzten herritarren eta zaleen txaloak, ondo merezitakoak.

kofraian

Hurrengo egunetik bertatik ez, Kofradiakoa bukatu eta berehala hasi ginen aurtengo denboraldia prestatzen. Ohikoa izaten den kezka, lehendabizi: “Zenbat arraunlarik utziko dute?”. Ez zen berehalakoan argitu zalantza, udazkenak lehen hilabetea bete zuenean edo, urria amaiera aldera. Ordurako, jarraitzeko proposamenari baiezkoa emana zion Patxi Francesek, entrenatzaileak. Baita Rafa Gonzalez de Txabarri prestatzaile fisikoak eta koordinatzaileak ere. Egitasmoak aurrera jarraitzeko oinarri sendoak jarrita zeuden.

Hiru baja. Hiru arraunlarik utzi behar zutela. Bakarrik. Handiagoa izan ohi da batez bestekoa urtero gure artean. Albiste ona… eta beharrezkoa.

Azaroaren hasieran ekin zioten lanari gure arraunlariek. Eta ordurako, aurtengo uda urruti zegoen arren, San Miguel ligako beste aurkariei begira geunden. Kanpotik zetozen kontuak ez ziren txarrak guretzat: San Pedrok ia talde osoa aldatu beharko zuela, eta taldea harrobikoekin bete beharko zuela; Portugalete diru arazoekin zebilela, eta kosta behar zitzaiola talde duina osatzea; Astilleron ere dirua falta zebilela, eta Galiziatik ekarritako arraunlari mordoak etxerako bidea hartuko zuela, taldea ahulduz.

Ez dugu gezurrik esango: aurtengo udan, San Miguel ligan eroso antzean ibiltzeko moduan ikusten genuen geure burua. Baina…baina, kanpotik zetozen baieztapen ziur itxurakoak aldatzen hasi ziren: Astillerok konpondu zuela bere arazoa; Portugalete ere ari zela taldea indartzen. San Pedro bakarrik geratzen zitzaigun aurkari ahulen zerrendan.

Eta ez zuen asko iraun hor. Udazkeneko prestakuntzak neguari eman zion segida, eta orduan heldu ziren traineru jaitsierak. Sustoa sustoaren atzetik jaso genuen. San Pedrok sekulako estropada egin zuen Hondarribian, eta baita bere etxeko jaitsieran ere. Portugalete ere oso ondo zebilen Bizkai aldeko jaitsieretan.

Bapatean, errealitate gordina parez pare: “Ez du ematen uste bezain eroso ibiliko garenik udan. Zeinek izan behar du gure kontrarioa ez jaisteko borrokan? Ez al gara bakarrik gu izango?”. Jaitsieraren mamua indarra hartzen hasi zen.

Bitartean, gure arraunlariek lanean jarraitu zuten. Serio bezain ondo. Bakoitzak berea ongi egin behar duela erabat sinetsita, kanpoko faktoreei batere kasorik egin gabe, kanpokoak ez dituela norberak menderatzen ondo ikasita. Lana eta lana. Kalitatezko lana.

Heldu zen udaberria, eta Ondarroan, Portugaletek astindua eman zigun. Denboraldi-aurrea zen. San Pedroren berririk ez zen, ez zelako ari lehiatzen. Astinduari emateko erantzunik onena lana izaten da, eta segi lanean, horixe egin zuten gure arraunlariek. Uda gainera zetorren, ari zen heltzen beneteko garaia.

ondarruan

Lekeitioko prestakuntzako estropadan, liga hasi bezperetan, eguzkia azaldu zitzaien gure arraunlariei. Txanda irabazi zuten, eta Portugaleteri irabazi, txanda berean. Itxaropen zantzuak bapatean. Emaitza on bat baino ez zen, baina taldearen lanari ia egunero begiratzen dion batek, hau gehitu zuen: “Ez gaude onenean oraindik, eta uste dut liga hasieran ez garela fin-fin egongo. Baina liga hasi eta aste pare batera, geure onena emateko moduan izango gara”. Itxaropena.

San Miguel liga hasi zen. Sevilla, atsedena, Astillero, Zierbena eta Orio. Hiru estropada erlojuaren aurka lautik. Azkena sailkapenean, baina Portugaletetik puntu batera Oriokoa jokatu eta gero. Larunbat iluntze hura gozoa izan zen, baina ordu batzuk geroago, gaziak, uda osoan kale zozketak eman digun gazitasuna azaldu zitzaigun. Donostian izan zen. Guri aurreneko kalea, txarrena nabarmen, eta Portugaleteri laugarrena, onena batere zalantzarik gabe. Bost puntu sartu zizkigun; aldea seikoa.

donos

Hurrengo kolpea astebete barru etorri zitzaigun, Getxon. Berriz ere Donostiako egoera bera: guri kale txarrena, eta Portugaleteri onena. Beste hiru puntu sartu zizkigun. Galiziara joan aurreko astean, hamar puntu atzetik ginen. Baina gure arraunlariek lanean jarraitu zuten, urte guztian bezala, serio eta ondo. Galizian, lan onak eta emaitzak bat egin zuten behingoagatik. Baina zorte txarrak gurekin jarraitzen zuen. Bi estropadetan atzetik utzi genuen Portugalete, baina bi puntu bakarrik jan genizkion. Igandean, guk hamalau segundo sartu arren, ez zen beste talderik sartu bien artean, hurrengo bi txandetan haizeak behera egin zuelako nabarmen.

Lana eta lana. Jarraitu beharra zegoen, eta jarraitu zuten gure arraunlariek. Pasaiako bost ziabogatako estropada zetorren gero, eta etxekoa hurrengo egunean. Pasaian, berriz ere Portugaleten aurretik, baina beste inor ez tartean; gutxigatik, Cabok berrogei ehunen bakarrik atera zizkigulako. Ai zorte hori… Zumaian, sekulako estropada egin zuten arraunlariek, eta hiru luze eta erdian txanda irabazteko borrokan ibili ziren, baina azkenean txandan hirugarren. Portugalete azkena. Gero, Astillero sartu zen tartean, eta bi puntu jan genizkion Portugaleteri. Aldea bostekoa zen orduan. Lau estropadetan aldearen erdia jan zieten gure arraunlariek.

unai zumaian
Unai Osa gure patroia, ligako patroi onenaren elastikoarekin, Zumaiako estropadan. Onena izan zen sailkapenean hainbat astetan.

Itxaropena berriz ere. Baina gureak onenean eta Portugalete zalantzetan murgildua zebilen bitartean, asteburu bateko atsedena heldu zen. Espainiako txapelketa erdi-erdian, eta liga geratu egin behar. Lanean ondo asko jarraitu zuten gure arraunlariek, eta bi aste horietan, ia entrenamendu guztiak Zarautzen egin zituzten, Zarauzko Estropada prestatzeko. Pasaian ere ibili ziren, probak egiten. Galiziako estropadetan, arraunak aldatzea erabaki zuen Patxi Francesek, eta emaitza onak ekarri zituen aldaketak. Beraiekin probak egiteko ere baliatu zen atsedeneko tartea.

Iritsi zen Zarautz, eta itxaropen betearekin joan ginen. Hori bai, ordurako bazebilen bueltaka errealitate gordina: kale zozketetan ez ginen ari izaten batere zorterik. Zarautzen berretsi zen hori. Bi egunetan kalerik txarrena, laugarrena, eta Portugalete eremuaren beste aldean bi egunetan. Berriz ere kolpea, batez ere bigarren igandean. Hiru puntu sartu zizkigun egun petral horretan, eta bezperakoari gehituta, bederatzira igo zuen aldea.

Oso egun gogorra izan zen. Bezperan hil zen Patxi Frances entrenatzailearen aita eta Igor Francesen aitona, eta astean zendu zen Karlos Mendizabal arraunlariaren aita. Zerua gainera erori zitzaigun hori dena eta Zarauzko bigarren eguneko emaitza uztartuta. Baina lanean segitu zuten gure arraunlariek. Lau estropada falta ziren, eta bederatzi puntuko aldea jan behar zitzaion Portugaleteri.

Seira murriztu zuten aldea gure arraunlariek hurrengo bi estropadetan. Hondarribian eta Castro Urdialesen (Espainia). Historian gordeta geratuko da Hondarribiakoa, txanda irabazi zuelako Telmo Deunek. San Miguel ligan, hamabosgarren aldiz irabazi zuen txanda Zumaiak. Pozik, baina ez erabat. Izan ere, Portugalete bigarren izan zen, eta Cabo bakarrik sartu zenez tartean, zazpi puntura bakarrik murriztu zen tartea. Hurrengo egunean, Castro Urdialesen ere, itsasoa zegoen emanda, eta aukera ona zen guretzat. Baina puntu bakarra jan genion Portugaleteri. Seikoa aldea, eta bi estropada bakarrik falta.

hondarribin txapeldun

Bi estropada horiek non eta Portugaleteko eremu bihurrian. Iraultza gertatzeko, ezinbestean kale onena tokatu behar bi egunetan, eta txarrena Portugaleteri. Asko eskatzea zen ikusirik nolako zorte txarra izan dugun uda guztian. Zoritxarrez, aurreikuspen txarrenak bete egin ziren, eta kale zozketan, berriz ere Zumaiari txarrena: inork nahi ez zuen hirugarrena. Portugaletek aurrea hartu zigun, eta zazpira igo zuen aldea.

Atzokoa bakarrik geratzen zen. Azkena. Berriz ere kale onena urruti… gu lehendabizikotik eta Portugalete bigarrengotik. Ez genuen txanda irabazi, ezin zen kale horretatik, baina historian gordetzeko modukoa izango da atzokoa ere. Ondo erakusten duelako nolako borrokarako grina eta gosea erakutsi duten gure arraunlariek uda osoan. Nabarmentzekoa, eta erakusteko modukoa kirola zer den ikasten ari direnentzat. Azkeneko pala kolperaino batere amorerik eman gabe, gureek aurrea hartu zioten Portugaleteri. Hemezortzi ehunen baino ez. Garaipen txikia, poz txikia.

Amorru keinua ere egin zuen arraunlariren batek txanda bukatu orduko. Uda osoan pilatutako amorrua eta etsipena atera zuen. Normala. Ez baita gozoa sekulako lana egin, ikusi ez zarela Portugalete baini gutxiago izan, eta kanpoko faktoreek (kale zozketak) eragin handia izan dutela ikustea maila galtzerako orduan. Donostia eta Getxoko bi estropada madarikatuak ez zaizkigu berehalakoan ahaztuko, ezta Zarauzko biak ere.

Bederatzi aldiz irabazi digu Portugaletek, eta zortzitan gure arraunlariek. Baina aldea sei puntukoa izan da. Ai Donostia eta Getxoko lehendabiziko kale horiek…

Balitz eta balu jardutea alferrik da orain, ordea. Garaipenik handiena eta pozik handiena Portugaleten lortu zuten gure arraunlariek atzo bertan. Zaleek txaloz hartu zituztenean Telmo Deun uretatik lehorrera ekarri zutenean. Benetako txalo horien atzean urte osoan egindako lan bikainaren aitortza dago.

portun zaleeekin

Biba zuek, beti ez da galtzailea izaten azkena, eta azkena irabazlea ere izan daiteke. Zuek zarete gure txapeldunak, eta harro gaude zuetaz. Maila galdu arren, atzo ere Telmo Deunek muturra gorantz begira ekarri zuen uretatik lehorrera.

Eskerrik asko gure arraunlariei, gure entrenatzaileei, gure laguntzaileei, zuzendaritzako gure kideei, gure babesleei, gure zaleei, eta gure alboan izan zareten guztiei. Zoragarri egin duzue lan bakoitzak bere lekuan urte osoan, eta urte hau ere zoragarri izatea lortu duzue. Lan onak emango ditu fruituak, egon seguru.

Aupa Zumaia, aupa Telmo Deun!

Itzuliko gara!

Leave a comment

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude