Bateletan, Espainiako txapelketa da asteburuan, eta trainerilletan, Gipuzkoako ligaren hasiera eta santelmoetako estropada

Ondo betea datorkigu asteburua Zumaiako arraunlarientzat. Batetik, bateletan, Espainiako txapelketa jokatuko da Sestaon (Bizkaia), eta han izango da infantil mutilen multzoa, Euskadiko txapelketan brontzezko domina irabazi eta gero. Larunbatean, sailkatze estropada izango da 16:00etan, eta zumaiarrekin batera, ondorengo talde hauek aterako dira: Vilaxoan, Castro, Arkote, Mar do Bueu, Castreña, Isuntza, Rianxo, Camargo eta Mecos. Bi txanda jokatuko dituzte larunbatean, eta txanda bakoitzeko lehen bi sailkatuak eta hirugarrenen artean denbora onena egiten duena igandeko finalera sailkatuko dira. 11:30ean izango dira finalak igandean; aldiz, kontsolazioko finalak 11:00etan.

Trainerilletan, Gipuzkoako liga hasiko da larunbatean, Donostiako Loiola auzoan (18:00). Igandean, Zarautzen izango da bigarren jardunaldia (11:00), eta astelehenean Pasai Donibanen hirugarrena (11:00). Zumaiak hiru talde izango ditu ligan: senior emakumezkoena, senior gizonezkoena, eta jubenil gizonezkoena.

Asteburuko estropada nagusia zumaiarrentzat igandean izango da, herrian bertan: San Telmo Trainerilla Saria. Gizonezkoetan 34. edizioa da, eta emakumezkoetan bosgarrena. 18:00etan hasiko dute estropada emakumezkoek, eta bi txanda jokatuko dituzte:

  1. San Juan-Orio
  2. Zumaia-Hernani

Ondoren, gizonezkoen lau txandak jokatuko dituzte:

  1. Zumaia B-Zarautz
  2. San Pedro-Orio
  3. San Juan-Hondarribia
  4. Zumaia A-Getaria

Leave a comment

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude