Ohorezko txandan jarraitzen du Telmo Deunek

Telmo Deun beroketa lanak egiten igandean, Allozko urtegian. AINI AIZPURUA

Joan da beste asteburu bat KAE 1 ligan, eta albiste nagusia da Zumaiarentzat ohorezko txandan jarraitzen duela. Nahiz eta larunbatean leku hori galdu egin zuen Zarautzen mesedetan, seigarren egin eta gero Donostiako estropadan, igandean lekua berreskuratu zuen Allozko urtegian (Nafarroa). Eta nola gainera. Bederatzi segundo eskas falta izan zituen bandera irabazteko Zumaiak.

Bigarren txandan lehia estu-estua izan zuen Deusturekin, eta azkenean, bigarren egin zuen, segundo pasatxora. Gero, azkeneko txandakoen artean, Donostiarrak eta Santurtzik bakarrik hobetu zituzten deustuarren eta gure arraunlarien denborak. Horrenbestez, laugarren izan zen Telmo Deun atzoko estropadan. Donostiarra garaileak bederatzi segundo baino ez zizkion atera (aurtengo alde txikiena), eta Santurtzi bigarrenak lau besterik ez.

Gipuzkoako txapelketa, asteazken honetan, Getarian

Hurrengo estropada Getarian (Gipuzkoa) izango dute gure arraunlariek, eta asteazkenean bertan gainera. Gipuzkoako txapelketa jokatuko dute 18:30etik aurrera. Bere txandan bere ligakoekin ariko dira gureak: Donostiarra, Getaria eta Zarautzekin.

KAE 1 ligan, berriz, larunbatean ariko dira Orion, 19:00etatik aurrera, erlojuaren aurka. Zazpigarren jardunaldia izango da.

Beteranoak ere ariko dira txapelketan. Aurkariak ondorengo hauek: Fortuna eta Zarautz. ABE ligan, hauek larunbatean izan zuten estropada Plentzian (Bizkaia), eta bigarren egin zuten Getxoren atzetik. Sailkapen nagusian ere bigarren daude.

Leave a comment

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude