Asteburuko emaitzak

Estropada asko jokatu dituzte gure arraunlariek asteburuan, eta hiru ontzitan gainera: bateletan, trainerilletan eta traineruan.

Bateletan, Lapuebla de Labarcan (Araba) izan ziren kadete emakumezkoek eta gizonezkoak larunbatean, Ebro ibaian arraunean, Elantxobe, Tolosaldea eta Isuntzako taldeekin lehian. Emakumezkoek bigarren egin zuten, eta gizonezkoek irabazi. Esperientzia ederra bizi ahal izan zuten gure harrobiko arraunlariek.

Trainerilletan, Gipuzkoako txapelketa izan da Mutrikun, eta jubenil gizonezkoak laugarren izan dira; sei segundo eskasegatik ez dute brontzezko domina ekarri. Orain, Euskadiko txapelketa jokatuko dute datorren asteburuan, Mutrikun bertan. Emakumezko seniorrak bosgarren izan ziren larunbatean, kanporaketetan, eta igandean, Federazio sarian, bigarren egin zuten Donostiarraren atzetik.

Azkenik, traineruan, ABE beteranoen liga hasi zen larunbatean Pontejosen (Espainia), eta zumaiarrek hirugarren egin zuten. Arkotek irabazi zuen estropada. Bigarren jardunaldia igandean daukate, Angelun (Lapurdi), 11:00etan.

 

Gipuzkoako trainerilla txapelketa Mutrikun, eta batel estropada berezia Lapuebla de Labarcan

Gipuzkoako trainerilla ligako azkeneko estropada jokatuko dute bihar larunbata Mutrikun (16:30), eta aldi berean, estropada horretan erabakiko da zein talde ariko diren Gipuzkoako Txapelketako finaletan igandean (Mutrikun bertan, 11:00). Beraz, biharkoa Gipuzkoako Txapelketako kanporaketa ere bada.
Zumaiak bi talde izango ditu lehian: senior emakumezkoena, eta jubenil gizonezkoena.
Bestalde, estropada berezia jokatuko dute larunbatean Lapuebla de Labarca herrian (Araba). Batelak ariko dira Ebro ibaian, eta hantxe izango dira Zumaiako bi batel: kadete emakumezkoak eta gizonezkoak. Beste taldeak ondorengo hauek izango dira: Isuntza, Elantxobe eta Tolosaldea.

Bateletan, Espainiako txapelketa da asteburuan, eta trainerilletan, Gipuzkoako ligaren hasiera eta santelmoetako estropada

Ondo betea datorkigu asteburua Zumaiako arraunlarientzat. Batetik, bateletan, Espainiako txapelketa jokatuko da Sestaon (Bizkaia), eta han izango da infantil mutilen multzoa, Euskadiko txapelketan brontzezko domina irabazi eta gero. Larunbatean, sailkatze estropada izango da 16:00etan, eta zumaiarrekin batera, ondorengo talde hauek aterako dira: Vilaxoan, Castro, Arkote, Mar do Bueu, Castreña, Isuntza, Rianxo, Camargo eta Mecos. Bi txanda jokatuko dituzte larunbatean, eta txanda bakoitzeko lehen bi sailkatuak eta hirugarrenen artean denbora onena egiten duena igandeko finalera sailkatuko dira. 11:30ean izango dira finalak igandean; aldiz, kontsolazioko finalak 11:00etan.

Trainerilletan, Gipuzkoako liga hasiko da larunbatean, Donostiako Loiola auzoan (18:00). Igandean, Zarautzen izango da bigarren jardunaldia (11:00), eta astelehenean Pasai Donibanen hirugarrena (11:00). Zumaiak hiru talde izango ditu ligan: senior emakumezkoena, senior gizonezkoena, eta jubenil gizonezkoena.

Asteburuko estropada nagusia zumaiarrentzat igandean izango da, herrian bertan: San Telmo Trainerilla Saria. Gizonezkoetan 34. edizioa da, eta emakumezkoetan bosgarrena. 18:00etan hasiko dute estropada emakumezkoek, eta bi txanda jokatuko dituzte:

  1. San Juan-Orio
  2. Zumaia-Hernani

Ondoren, gizonezkoen lau txandak jokatuko dituzte:

  1. Zumaia B-Zarautz
  2. San Pedro-Orio
  3. San Juan-Hondarribia
  4. Zumaia A-Getaria

Brontzezko domina infantil mutilek Euskadiko batel txapelketan

Domina batekin etorri ziren gure arraunlariak Euskadiko batel txapelketatik atzo, igandean. Infantil mutilek lortu zuten saria.

Zumaiako beste hiru batelak ez ziren sailkatu finalerako larunbateko sailkatze estropadan, eta atzo kontsolazioko finalak jokatu behar izan zituzten. Infantil neskak hirugarren izan ziren; kadete neskak bigarren; eta kadete mutilak irabazi egin zuten.

Espainiako txapelketa jokatuko dute datorren asteburuan Sestaon bertan, eta infantil mutilen batela bertan izango da.

Zilarrezko eta brontzezko dominak Gipuzkoako batel txapelketan gure harrobiko arraunlariek

Infantil gizonezkoek bigarren egin dute Gipuzkoako batel txapelketako finalean, gaur Pasai San Pedron. Zilarrezko domina gure harrobiko arraunlarientzat. 56 ehunen bakarrik atera dizkie Ilunbe txapeldunak. Gutxi behar izan dute txapelketa irabazteko, eta ematen du horrek halako gazitasun bat, baina denboraldi osoan egindako lanaren gozoak askoz ere indar handiagoa dauka.

Hirugarren egin dute kadete gizonezkoek, eta hauei bi segundo pasatxo atera dizkie Orio garaileak.

Federazio sarian, atzo finaletara sailkatu ez ziren batelen artean, emakumezkoetan, kadeteak bigarren izan dira. Bi segundo baino ez dizkie atera Hernanik. Jubenil gizonezkoak laugarren izan dira Federazio sari honetan.

Bosgarren batel bat ere bagenuen txapelketan, infantil emakumezkoena, baina atzo kanporatu egin zuten epaileek, abordaia egiteagatik.

Ez da hemen bukatzen denboraldia harrobi gorriko arraunlarientzat, hurrengo erronka Euskadiko txapelketa izango dutelako.

 

Bi garaipen gure harrobiko arraunlariek Gipuzkoako batel ligako azkeneko estropadan

Bukaera zoragarria eman zioten gure harrobiko arraunlariek Gipuzkoako batel ligari larunbatean, Pasai Donibanen.
Bi garaipen, bi! Infantil eta kadete gizonezkoetan, eta infantiletan, bigarren ontzia bigarren.

Lan aparta egin dute arraunlari guztiek ligan, eta baita entrenatzaileek ere. Orain, asteburuan, Gipuzkoako Txapelketa dator. Pasai San Pedron izango dira  kanporaketak datorren larunbatean (17:30), eta igandean finalak (09:30).