Telmo Deun, bosgarren Pasai San Pedron

Telmo Deun, bosgarren sailkatu da gaur arratsaldean, Pasai San Pedron, Kofradiaren XIV. Ikurriñan. Orain arteko posturik onena, beraz, gaurkoa izan da. Erlojuaren aurka aritu dira, hiru txandetan banatuta, eta txandan nagusi izan da gure trainerua. Sailkapen nagusian, zazpigarren jarraitzen du.

Sailkapenak, blog honetako ‘Sailkapenak’ atalean daude.

Luxiak honela aztertu du gaurkoa: “Gustura egoteko moduan gara, txanda ere irabazi dugu eta. Estropada polita egin dugu, baina ona ez. Izan ere, ona egiteko ez zegoen baldintza onik, kanpoan oso zikina zegoelako. Haizeak ere eragina izan du. Lehen txandan egon da gehien, gurean gutxiago, eta oso gutxi azkenekoan. Haiek izan dituzte baldintza onenak”.

Telmo Deun, azkeneko txandan datorren igandean

Gaur aurkeztu dute igandeko Telefonica Bandera, Donostian, eta txanden zozketa ere egin dute. Azkenekoz. Izan ere, datorren astetik aurrera, sailkapenaren arabera banatuko dituzte traineruak.
Honela banatuko dira txandak Donostiako uretan:
1. Castro, Tiran, Urdaibai eta Hondarribia
2. Cabo, Pedreña, San Pedro eta Zarautz
3. Zumaia, Laredo, Arkote eta Orio

Emakumeek ere trainerua aterako dute, Getariarekin taldea osatuta

Laster, bi talde izango ditu uretan Zumaiako Arraun Elkarteak: TKE Ligakoa eta emakumezkoek atera behar dutena. Getariarekin osatuko dute koadrila klubeko bederatzi arraunlarik (tartean, patroia dela). Hiru estropada antolatzen ari dira emakumeentzat: Gipuzkoako Txapelketa, Euskal Herrikoa eta Kontxako Bandera. Probintziala uztailaren 23an jokatuko litzateke, eta Kontxa, ohiko egunetan, irailean. Euskal Herrikoa Gipuzkoakoaren ondoren izango litzateke. Gipuzkoarren arteko lehian, Zumaia-Getaria traineruaz gain, Tolosa eta Hondarribia (Koxtapeko zenbait arraunlarirekin) ariko dira. Kontxan, berriz, erabat baieztatu gabe badago ere, gipuzkoarrei Isuntza, Astillero eta Bizkaiko selekzioa gehituko zaizkie.
Zumaiarrak eta getariarrak Zumaiako traineruarekin lehiatuko dira, eta gaur egingo dute lehen entrenamendua, 17:00etan, Zumaian. Entrenatzailea ere klubekoa izango da: Javier Osa ‘Saskate’.

Telmo Deun seigarren gaur, Oriori txanda irabazi eta gero

Gaur ere estropada bikaina egin du Telmo Deunek Boiron (Galizia), eta seigarren sailkatu da. Ez da albiste pozgarri bakarra. Izan ere, txanda irabazi du Orio atzean lagata. Sailkapen nagusian, zazpigarren jarri da. Beraz, oso asteburu ona Galiziako hau.

Sailkapenak blog honetako ‘sailkapenak’ atalean daude.

Luxiak honela aztertu du gaurkoa: “Atzo bezalako estropada egin dugu: ona. Lau aldaketa egin ditut, eta atzoko mailari eustea oso garrantzitsua da. Atzo arnasa hartu bagenuen, gaur bitan hartu dugu. Arkoteri tartea atera diogu gaur ere. Pena izan da haizearena; bestela, Cabo eta Tiran ere atzean lagako genituen-eta. Lehen txandan baino haize gehiago izan da gure txandan, bigarrenean, eta hirugarrenaren bukaeran, berriz ere kalma egin du”.

Telmo Deun, bosgarren gaur

Telmo Deun bosgarren izan da gaur, Boiron (Galizia), Rianxeira estropadan. Aurreko asteko lana asko hobetu du, eta sailkapen nagusian, bederatzigarren posturaino igo da. Orain, azkenaurrekoari, Arkoteri, bost puntu ateratzen dizkio.

Sailkapenak, blog honetako ‘sailkapenak’ atalean daude.

Luxiak azterketa hau egin du gaurkoaz: “Gustura gaude. Arnasa pixka bat hartu dugu. Oso ondo atera gara, baina ez genuen aurretik hitz eginda puskatzera irtetzea. Estropada normala egitea zen asmoa, eta egin dugu. Erakutsi dugu aurreko astean azaldu genuena baino gehiago garela. Agian, ez gara hain onak, baina hain txarrak ere ez. Ea bihar gaurkoari errematea ematen diogun”.

Irati Manzisidor, Leire Antia eta Atsegin Odriozola, traineruan eta garaile

Atzo, Zaragozan, TKEko estropadaren aurretik, beste lehia bat jokatu zen. Gipuzkoako eta Bizkaiko selekzioak aurrez aurre izan ziren emakume arraunlarien arteko estropadan. Gipuzkoarrak nagusitu ziren, nahikoa erraz. Gure klubeko hiru ordezkari ziren gipuzkoarren traineruan: Irati Manzisidor, Leire Antia eta Atsegin Odriozola.
“Oso gustura” daudela esan du Manzisidorrek, traineruan ibiltzea “sekulakoa delako”. Ez ziren baldintza egokiak arraunerako, “beroa egiten zuelako”, baina gozatu egin zuten. Aurretik lana beltz eginda joan ziren Zaragozara: “Hogei bat entrenamendu egin ditugu; hasieran astean hiru aldiz, eta gero, lautan”. Pasaian ibili dira jo eta ke. Merezi izan du ahaleginak, baina “gogorra eta nekagarria izan” dela esan du arraunlari zumaiarrak.
Ez zuten aurreneko esperientzia traineruan. Izan ere, duela bi urte, beste estropada bat jokatu zuten Hondarribian. Bertakoak, Cabo da Cruz, Hondarribia eta Urola-Kosta aritu ziren. Zumaiarrek eskualdeko traineruan egin zuten arraun. Aurrera begira jarraitzeko asmotan daude. Manzisidorrek esan duenez, “Gipuzkoako Txapelketa eta Kontxako Bandera ere jokatzeko aukera ari dira aipatzen batzuk”. Baina horretarako, taldea osatu beharra dago, eta zumaiarrak ez dira osatzen. “Beste norbaitekin elkartu beharko dugu atera ahal izateko”.

Telmo Deun azkenaurreko Zaragozan

Gaur eguerdian ekin zaio San Miguel Ligari Zaragozan, Ebro ibaian, ezohiko estropadarekin. Telmo Deun azkenaurreko sailkatu da, 11.

Sailkapenak blog honetako ‘sailkapenak’ atalean daude.

Luxiak balorazio hau egin du gaurkoaz: “Ondo ekin diogu estropadari, eta lehen hiru luzeetan aurrean ginen, San Pedroren atzetik. Baina, gero, behera egin dugu. Hauek ez dira guretzako urak, eta igarri egin dugu. Hala ere, ez nago disgustura egindako lanarekin. Hasi besterik ez gara egin, eta gure uretan beste zerbait izango da”.