Irailean, Camusen Arrotza

Irailaren 10ean ekingo diogu irakur urteari, Albert Camusen Arrotza eleberri ezagunarekin.

1942an argitaratu zen Frantzian Arrotza, eta orain arte hiru aldiz euskaratu da: Jose mari Agirrek 1970ean, Xabier Galarretak 2000n eta Josu Zabaletak 2017an. Azkenak itzuli eta Erein argitaletxeak plazaraturikoa izango dugu guk solasgai.

Saioa arratsaldeko 18:00etan izango da Alondegiko Moila Gelan.

Meursault bulegari arrunt bat da, ama guztiak bezala azkenean hil egiten diren ama horietako baten semea; bizilagun arruntak ditu, lankide arruntak, taberna arrunt batean bazkaltzen du, neskalagun arrunt bat du, edozein hondartzatara joaten da bainatzera. Harik eta egun batean, hondartza batean, eguzki kiskalgarri batek itsututa, arabiar bat hiltzen duen arte, ia nahi gabe: arabiar bat, ez du izenik. Kartzela, auzia, epaia, heriotza-zigorra. Zer zentzu du horrek guztiak? Nor epaitu dute? Zer epaitu dute? Patuak, izatearen bakardadeak badute zentzurik?
“Si tu veux être philosophe, écris des romans”. “Filosofoa izan nahi baduzu, idatzi eleberriak”, aholkatu ohi zuen Albert Camusek.

-Liburuari kritikak

Armiarma.eus-en osorik dago arrotza irakurgai, 1970eko Agirreren itzulpenean.

-Idazleaz: Albert Camus Mondovi, Aljeria, 1913ko azaroaren 7a – Villeblevin, Borgoina, Frantzia, 1960kourtarrilaren 4a) idazle eta filosofo frantziarra izan zen. Frantsesezko egilerik handienetarikoa da, absurdoa landu zuena: “Absurdoa oinarrizko kontzeptua eta lehenengo egia da”. 1957an jaso zuen Literaturako Nobel Saria. Antzerkia, saioak, eleberriak eta ipuinak idatzi zituen. Politika arloan, 1934an Frantziako Alderdi Komunistan sartu zen.

Bigarren Mundu Gerran Frantziako erresistentzian ibili zen. Espainiako Gerra Zibilean Francoren aurka kokatu zen. SESB-en erregimen totalitarioaren kontra ere azaldu zen. 1960an hil zen auto istripuan. L’Étranger (1967an eta 2001an) eta La Peste(1991an) liburu ezagunak zinemara eraman dituzte.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude