Irailean, Camusen Arrotza

Irailaren 10ean ekingo diogu irakur urteari, Albert Camusen Arrotza eleberri ezagunarekin.

1942an argitaratu zen Frantzian Arrotza, eta orain arte hiru aldiz euskaratu da: Jose mari Agirrek 1970ean, Xabier Galarretak 2000n eta Josu Zabaletak 2017an. Azkenak itzuli eta Erein argitaletxeak plazaraturikoa izango dugu guk solasgai.

Saioa arratsaldeko 18:00etan izango da Alondegiko Moila Gelan.

Meursault bulegari arrunt bat da, ama guztiak bezala azkenean hil egiten diren ama horietako baten semea; bizilagun arruntak ditu, lankide arruntak, taberna arrunt batean bazkaltzen du, neskalagun arrunt bat du, edozein hondartzatara joaten da bainatzera. Harik eta egun batean, hondartza batean, eguzki kiskalgarri batek itsututa, arabiar bat hiltzen duen arte, ia nahi gabe: arabiar bat, ez du izenik. Kartzela, auzia, epaia, heriotza-zigorra. Zer zentzu du horrek guztiak? Nor epaitu dute? Zer epaitu dute? Patuak, izatearen bakardadeak badute zentzurik?
“Si tu veux être philosophe, écris des romans”. “Filosofoa izan nahi baduzu, idatzi eleberriak”, aholkatu ohi zuen Albert Camusek.

-Liburuari kritikak

Armiarma.eus-en osorik dago arrotza irakurgai, 1970eko Agirreren itzulpenean.

-Idazleaz: Albert Camus Mondovi, Aljeria, 1913ko azaroaren 7a – Villeblevin, Borgoina, Frantzia, 1960kourtarrilaren 4a) idazle eta filosofo frantziarra izan zen. Frantsesezko egilerik handienetarikoa da, absurdoa landu zuena: “Absurdoa oinarrizko kontzeptua eta lehenengo egia da”. 1957an jaso zuen Literaturako Nobel Saria. Antzerkia, saioak, eleberriak eta ipuinak idatzi zituen. Politika arloan, 1934an Frantziako Alderdi Komunistan sartu zen.

Bigarren Mundu Gerran Frantziako erresistentzian ibili zen. Espainiako Gerra Zibilean Francoren aurka kokatu zen. SESB-en erregimen totalitarioaren kontra ere azaldu zen. 1960an hil zen auto istripuan. L’Étranger (1967an eta 2001an) eta La Peste(1991an) liburu ezagunak zinemara eraman dituzte.

Ekainean, Idurre Eskisabel

Leire Lopez Ziluaga Susako editorea eta Idurre Eskisabel poeta

Ekainaren 13an Idurre Eskisabelen lehen poema liburua izango dugu solasgai: Goseak janak. Inozentziaren galerak eta nortasunaren eraikitzeak ardazten dute poemarioa: Nor izateak dakartzan funtsezko galderak, ekinak, jarrerak, begiratzeko erak, errotze berriak eta deserrotze eta gabetze minberak. Zenbat dagoen haututik eta zenbat ezarritakotik, amore ematetik, norbere ekinetik, konformatzetik. Eta nola jazotzen zaigun hori dena mundu honetan, nola baldintzatu eta eraldatzen gaituen besteekin dugun harremanak, nola mamitzen den gure gorputz partikularrean. Jabetze edo ahalduntze esperientzia gisa ageri da bizitza poema organiko hauetan. Eskisabel bera gurekin izango da haren lana aztertzeko.

Hitzordua Alondigako Moila gelan izango da arratsaldeko 18:00etan.

Segidan duzue liburuari buruzko informazio osagarria:

Aurkezpeneko bideoa:

-Elkarrizketa Ahoz ahon
Kritikak
-Berriarako Itziar Ugartek egindako elkarrizketa

Maiatzean, Frankenstein

Hemezortzi urte zituen Mary Shelleyk Frankenstein idatzi zuenean. Hor sortu zuen azken mito modernoetako bat, etorkizun bikaina izango zuena, eta zinemari esker gaur egun ere ondo bizirik dirauena. Asko dira zinema mutuaren garaitik hasita gaur arte egin diren bertsioak, batzuk testuari atxikiagoak beste batzuk baino.

Gaur egun, ez da zorakeria esatea gutxik irakurri eta ia denok ikusia dugun istorio bat dela Frankenstein, aspaldi idatzia izan arren zuzen-zuzenean lotzen zaiena zientziaren aurrerapenak eta haren ondorioek gure garaian pizten dituzten eztabaida sutsuei.

Gaurko ikuspegitik, dena dela, garbi dago munstro bat sortu zuen doktore burubero samar baten istorioa baino gehixeago dela Frankenstein. Baina “gehixeago” horretara hurbildu nahi duenak liburura jo beharko du nahitaez. Mary Shelley, feminismoaren aitzindari Mary Wollstonecraft-en alaba, “irakurleari ilea lazteko moduko” zerbait idaztera jarri zenean, izu-istorio zoragarriaz gain, arrazoiaz eta hizkuntzaz bere itsuskeria gainditu nahi duen izaki aldrebes baina xalo eta maitagarriaren istorioa sortu zuen.

Iñigo Errastik ekarri zuen euskarara 2014an.

Kritikak
Iraitz Agirre Ahoz ahon

Maiatzaren 14an elkartuko gara arratsaldeko 18:00etan Alondegiko Moila gelan.

Apirilean, “Fakirraren ahotsa” Harkaitz Canorekin

Harkaitz Canoren azkeneko eleberriaz mintzatuko gara apirilaren 2an, eta egilea bera gurekin izango da Fakirraren ahotsaz jarduteko.

“Zer egin dohain bat daukazunean? Erabili, munduari eskaini, eta, trukean, inoren arreta jasotzera ohitu. Horixe egiten du Imanol Lurgainek bere ahotsarekin kantagintza konprometitua besarkatu eta frankismoaren kontra borrokan hasten denean. Garai horretan jasoko du bigarren larru izango duen goitizena: Fakirra. Baina ahotsa urteekin legez, aldatuz joango da bere ikuspegia, bai eta bidaideekiko harremana

ere. Borroka armatua, klandestinitatea, erbeste paristarra…, mundua iraultzen saiatu zen belaunaldi baten erretratua da lau hamarkadatan luzatzen den nobela hau, sortzailearen hauskortasuna, musikaren ahalmen katartikoa, bizitza bohemioa eta denboraren igaro lasterra bezalako gaiei buruzko hausnarketaz betea eta errealitateari maileguan hartutako pasarte eta pertsonaiez josia. Zuzia irenstean erretzen ez dena da Fakirra; minari eztarrian behera bultzatzen diona. Zer dauka, ordea, esateko? Zein da bere benetako ahotsa?”

Lurgain ez den Larzabali eskainitako liburua, inor epel utzi ez duen beste deformazio literario bikain bat, Canok dakarkiguna. Hona, aurkezpeneko bideoa:

Elkarrizketa “Ahoz ahon”

Kritikak

Gustu baduzue, arratsaldeko 18:00etan ikusiko dugu elkar Alondegiko Moila gelan.

 

Martxoan, “Amek ez dute”

Katixa Agirreren azken eleberria izango dugu mintzagai martxoaren 5ean. Iazko libururik aipatuenetarikoa (eta goraipatuenetarikoa) izan dena aletuko dugu arratsaldeko 18:00etatik aurrera Alondegiko Moila aretoan.

Sinopsia:

“Bi emakume, bi ama gazte: batek (Jade/Alice) bere ume bikiak hil ditu, bere eskuz baineran itota. Bestea, nobelaren narratzailea, bere haurraz erditzerakoan, bat-batean ohartu da ezagutzen duela ama hiltzaile hori, aspaldian haren berri izan ez badu ere; Jade/Alicerekin eta haren ekintzarekin obsesionatuta, gehiago jakitea erabakiko du, hartaz ikertzea eta horri guztiari buruzko eleberri bat idaztea. Sorkuntza esaten diogu artista baten lanaren emaitzari; sorkuntza da halaber haur bat mundura ekartzean ama batek egiten duena. Bi sortze mota, bata bestearekin zerikusirik gabea, kontraesankorrak ere bai agian? Sormenaren bi alderdi horiek eta bien arteko harremanak arakatu ditu Katixa Agirrek bere bigarren nobela honetan, irrikaz irensten den fikzioa erakiz eta aldi berean gogoan luzaroan geratzen diren hausnarketekin aberastuz”

Material osagarria:

Katixa Agirre Ahoz ahon
Nobelaren aurkezpena Ahotsenean
Kritikak

 

Otsailean, Iñigo Aranbarriren “Munduko tokirik ederrena”

Otsailaren 12an idazle azkoitiarraren azken lana izango dugu mintzagai. Hainbat nobela, poemario, artikulu eta saiakeeraren egilea denak, iaz kaleratu zuen aurreneko ipuin liburua Susa argitaletxearen eskutik, Munduko tokirik ederrena izenekoa. Paradisu horrek Urola Kostari egiten dio erreferentzia, ironiaz. Hizkuntza zaindu, eder eta aberatsean idatzitako 10 ipuin kondentsatu, paisaia ezagunean, denboran eta gure baitan atzera eta aurrera eramango gaituztenak. Gurekin izango da Aranbarri istorio hauei buruz hitz egiteko.

Kritikak

Aurkezpeneko bideoak.